Gerra-gizon edo emakume bihurtzen danean norbera

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-04-29 18:35

Zer jazoten jako futbolari? Edo zer jazoten jako futbolaren inguruko parafernaliari?

Nik kirolean sinisten dot, beste barik. Futbolean be bai, kirola dan neurrian, sinisten dot. Ez ostera futbolaren -eta bestelako kirol masifikatu potoloen- inguruan eregi gura izan dan parafernalia edo handigura erraldoi horretan. Gaur egun, justizia penalti baten araberakoa eta bardintasuna txartel baten kolorearen parekoa dan honetan, futbolaren esangurea galdu ez ete dan galdetzen deutsat neure buruari.

Izan bere, goitik behera utopikoa dirudi lehen mailan ez eze, bigarrenean eta beheragokoetan partiduen salerosketak edo iruzurrak egotea. Baina egon, badagoz. Guztiz sinisgatxa emoten dau gaztetxuen partidu batean talde bateko zein besteko gurasoak alkarren kontra burrukan hastea. Baina hasi, hasten dira. Zinez ulertezina emoten dau personak -zoritxarrez ez bi edo hiru- futbol arrazoiakaitik harmailetatik behera botatea, bizia galduz. Baina jausi jausten dira; azkena oraintsu, Argentina aldean. Benetan entzuteko gogorra da epaile edo arbitro batek bere sexu orientazinoa dala ta burlak ez eze, heriotza mehatxuak hartu behar izana bere etxeko postontzian. Baina hartu, hartzen ditu. Guzurra emoten dau talde baten edo beste baten azala soinean erotearren edozein uritako kale bazter batean botila zorrotzen bat, ukabil mehatxukorren bat edota begirada suntsigarriren bat itxaroten eukitea. Eta ez da, ez, ezelan bere guzurra.

Honezaz guztiagaz, honako ondorio honetara ailegau naz: hau behintzat, ez da futbola. Ez dakit zehatz zer izango ete dan, ez dakit zehatz-mehatz definituten. Futbolaren alteridadea, B aldea, bisai ezkutua, inguruko postureoa... ez dakit, eta ezta jakin gura bere. Kirol moduan guztiz errespetagarria eta erakargarria dala uste dot; mundua aldatuteko bidea urratu leiken kirol bakanetakoa dala be bai. Baina azaleratu barri dodan guzti hau futbola baldin bada, neuretzako behintzat utikan futbola eta utikan honek errepresentaten daben dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu