Zagozen lekuan
2017-02-28 23:07Mendiak -baita kirolak bere, eta biziteak bere bai- arpegi biko txanponalango izakerea dauka. Alde batetik, barre egiten deusku eta geure zoriontasuna erneten. Baina mendiak badauka bestelango arpegi baltz eta krudel bat, eta gehien gura doguna beragaz eroan leike, betiko kenduz.
Esperientzia gradu bat dala dinoe. Baina esperientziak, beteranotasunak eta abileziak ez dabe beti emoitza onik emoten. Goian aitatu bezela, mendia Parnaso krudel eta gupidabako baten parekoa da mendizalearentzat. Dan-dana errepresentetan dau. Alde batetik, idealizazinoaren eta sublimazinoaren habitata da, poesia hutsa. Baina, era berean, mendia tragedia bere bada, iluna eta latza. Mendiak dana emon eutsien joan barri jakuzan Oñati eta Eibarreko esperientzia handiko mendizaleei, joan dan domekan Valdezcaray inguruan mehaka harritsu eta edurtsu batetik behera jausi arte. Orduan, dana kendu eutsien hareen maitale mendiak.
Zapaldu bako edurrez estalitako mendi-zintzur batean amaitzea baino akabuera gordinagorik ez dagoala etorri jat burura barria estreinekoz leidu dodanean. Gizabanako biak hatxarte haretan idurikatu ditu neure garunak; hotzak jota, hazurrak triskatuta, bakar-bakarrik eta esperantzea galduta, euren ordua noz heldu itxaroten. Baina atoan beste pentsakera paralelo bat etorri jat. Gizon bi hareek sikeran, gehien maite izango eben tokian joan zirala, gura bezela -halan esan baleiteke- eta alkarren ondoan.
Halango egoera larri eta bakanetatik salbu urtendakoari sarri entzun izan deutsiet, bizi daben eguna, hau da, gaur, euren azken eguna izango dalako susmoa edo sentipena daukiela. Horrek momentu bakotxa merezidu dauen pasino eta neurrian bizitea ahalbidetzen deutse, bizitearen gusto bakotxa behar dan beste gozetea, hasarratu behar danean modu guztiz bero-gartsuan hasarratutea eta barre egin behar danean bere, irrifarrerik zintzoenagaz egitea.
Eta barri hori leidu ostean, hain zuzen bere, horixe berori sinistu gura dot. Bi mendizaleok benetan gura izan dabena egin dabela ahal bitartean, eta egin daben hori guztiori barruko gar guztiagaz egin izan dabela. Orain etxean dagoz, Elgoibarren. Dana hasi jaken lekuan, mendi tartean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!