Ignorantziaren enkarnazinoa (II)

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-02-21 22:52

Arinagoko artikuluan esandakoaren harira, giza ignorantzia zer puntutaraino heldu leitekeen ikusteko akats edo errata historikoen zerrendea egin gura izan dot.

Ignorantziak eta honen emoitza diran erratek ez dabe denpora tartez zein lekuz ulertzen. Egin daigun kirolaren historian jazotako akats mitikoen errepasotxua, denporearen atean atzera eta aurrera igaroaz.

Orain denpora dezentetxu, 1967 haretan, Espainiak orduko Txekoslobakiaren aurka olgauniko partiduan "Riegoren ereserkia" eritxona entzun behar izan eban, doinu ofizialaren ordez. Handik urte batzuetara hanka sartze haren zergaitia azalera urten zan: ez ei egoan beste partiturarik eskura eta han egoan bakarra Riegorena zan antza. Hamaikatxu ikusteko jaioak gara... Denporan aurrera eginez gero, 2003ko Davis Kopan be jazokera berbera pasau zan, James Morrison tronpetajole entzutetsu eta beteranoak Riegorena lau haizetara jotean.

Martha Tenorio atleta ekuadortarrak be badaki horren antzeko zer edo ha. Izan bere, 1997 urrun batean Peruko ereserkia entzunarazo eutsen Perun ospaturiko Joko Bolibarianoatan, 10.000 metrotako atletismo proban nagusitu ostean. Hego Amerikatik alde egin bage, 2003ko Joko Panamerikarretan bere Brasilgo ereserkia jarri eutseen Kolonbiako kirolariei.

Egin daigun orain hezetasun tropikaletik idortasun mediterraneora. El Cairon 1999an ospaturiko munduko eskubaloi (egun horren agirian dagoan Urdangarin jokalaria zalarik), Espainiar Selekzinoari Marokoar ereserkia jarri eutseen Argentinaren kontrako jardunean. Hori gitxi eta ganera, ereserki egokia jarterakoan zintea edo erreproduktorea -batek jakin zein- izorratu egin zala eta ezin izan eben doinu egokia jarri. Hori zala ta, jokalariek a capella abestu behar izan eben halabeharrez.

Eta zer esango deusku honen kontura Contador moduko kirolari erreputatu batek, bada? Irabazi zituan 2007ko Tourrean eta 2008ko Giroan ataka lotsagarrian jarri eben txirrindulari madrildarra. Izan bere, Parisen Danimarkakoa jarri eutseen eta Milanen, ostera, ereserki frankistea. Ez dakit ba neuk, zeinetan pasauko eban Pintokoak lotsarik handiena.

Datu kurioso batekin amaitu gura neuke, bederen. Antonio Garcíak, Espainiako futbol selekzinoko utileroak, akats honeek guztiak zirala eta hartutako ohiturea azpimarratu gura neuke. Behargin honek, selekzinoak olgetan eban partidu bakotxean poltsak eta bestelango materialak gordetako ardurea eukiten eban. Bada, kamisetekaz, ur botilakaz, botakaz eta abarregaz batera, Espainiako banderea, ereserkia grabatua eukan casette bat eta ereserkiaren letradun papelak eroaten zituan partidu dan-danatara. Badaezpada bere. Egia esan, personaia artez honelango beste pare bategaz, akaso aitaturiko errata horreetako asko ez ziran jazo bere egingo. Baina eztabaida hori hurrengo baterako itxiko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu