Ignorantziaren enkarnazinoa (I)

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-02-14 21:13

XXI. mende aurrerakoi baina batzuetan atzerazale honetan, sarri jazo behar ez litzatekenaren aztarren garbi-garbiak ikusi leitekez. Ereserkien mundua kirolarenean txertatzerakoan kasuko, barregurea edo/eta tristezia sortuten dituen egoerak ernetzen dira.

Neuretzako, itauna sinple askoa da: Zergaitik emoten jako horrenbesterainoko esangurea eta pisua ereserkiari? Abertzaleago, sutsuago edo kirolari joriago egiten gaitu horrek? Himnoen edo ereserkien ohiturea kirol proba gorenetan ondo errotua dagoan usadioa da. Horren ganeko neure ustea ostera, inongorik eta sinpleena da. Ikusleak, kirol emonaldia edo ekimena ikustera doalarik, jakin badaki zeintzuen artekoa izango dan. Beraz, zer dala eta nabarmendu eta goratu beharra dago kirol talde edo selekzinoen nazionalidadea? Berez, kalterik egiten ez dauen ohiturea da ereserkiena, baina interes desegokia edo ignorantzia hutsa bide hartuta, ereserkien nolabaiteko hiperrerabilera bat dagoala deritxot.

Azken hanka sartzea -ez eta txikia bere- Estadu Batuetatik jatorku, teniseko Emakumezkoen Federazino Kopa entzutetsutik, hain zuzen. Bertan, Alemaniako selekzinoari Alemaniako ereserki nazionalaren bertsino nazia jarri eutsen partidea orduko. Bestelan esanda, Nazien garaiko letradun ereserkia entzun zan. Jokalari eta zale alemanen haserrea, frustrazinoa, tristurea eta harridurea, logikoa dan lez, egundokoa izan zan burubakokeria ha entzuterakoan. 

Tankera honetako jazokeren aurrean, batek ez daki negar edo barre egin behar ete dauen. Negar, jazokera txit tristea eta salagarria dalako eta, aldi berean barre, 2017.ean gagozalarik oraindino holangoak gertatuteak ironikoa edo txistezkoa dirudielako. Alemaniako jokalarien kapitainaren berbetan, egundo bizi izan dodan esperientziarik txarrena izan da. Oso impaktantea izan da, 2017. urtean egonda Amerikan honelango zeozer gertatutea...

Bada bai, lotsagarria eta aldi berean higungarria da ezjakin orojakile batzuek zer nolango boterea daukien eta euren ignorantzia lau haizetara zelan zabalduten daben ikustea. Modu honetako kasuak hamaikatxu egon dira kirolaren historian zehar eta txarrena zera da, ez daukala ezagutuko dogun azken kasua izango dan antzik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu