Zirraragarritasunaz...
2017-01-28 22:25Benidormen, entrenamendu plan titaniko baten erdian eta urtarrilaren 28 buruzuri batean, 6 orduko entrenamendu egun baten ostean hausnartzen diranak.
Hasikeran ez daukazu ezer, errubera bi, helduleku bakarra, eta halango amorru-irrika moduko bat. Hasieran daukazu zure leihoko irudi bera mila aldiz, daukazu errepidearen konplizidadea, daukazu aldi berean pedalkada bakotxa hasi eta amaitzeko gogoa, beste ezebez.
Bizikletea basapiztia edarra da, erasorako prest beti. Ez da erraza mobiduteko beharra daukanari erretratu bat ateratzen, lausoegi atera zeinke akaso. Edo geldoegi bestela. Horixe bera da entrenetea, basapizti horreri argazki bat ateratzen saiatzea. Ez mobiduegi, ezta geldoegi bere. Bizi estilo bihurtutako ames honek, mundu erdia eta miloeka momentu egin zituan denporearen sabeletan, norberaren mundura jaio orduko. Horrexegatik akaso neure nomada antzeko izakera hori, gerora etorri izan dan afizinoaren aurrekari.
Sarri gatxa da asmetea denporea galtzen ala irabazten zabilzan. Orduan, badaezpada lez egiten dozuz gauza guztiak: jan, lo, barre egin, eskerrik asko esaten ikasi, etxera deitu, maitatu, sentidu, argazkiak atara, errubera biren ganera igoteko ordua heltzen dan arte. Irratian, telebistan eta bestelakoetan, hizkuntza bakarreko formulea da nagusi: futbolarena gehienbat. Kirolaren ablazioa askotan. Sinisten hasita nago arrakastea dala hamen eta orain, errubera biren ganean kontinentea hamaikagarrenez zeharkatzen egotea eta ez nabil zifra jarraitzaile eta kilometroez, gauzak nork bere erara egiteaz baino.
Batzutan, egiten dodana munduak izan beharko leukenari buruzko hausnarketa sakona da. Egolatra eta neurekoi samarra, bai. Baina besteetan, ez da nerabeentzako joku inozo bat besterik, huskeria bat. Era honetako entrenamendu kanpoetan zagozanean, etxetik urrun, komenidu da bi definizino horreen tartean nonbait, zeure tokia bilatzea. Bestela, mundua zabalegi eta luzeegia izan daiteke, nahiz eta nik mundua kilometroka eta bide baztarratan barrena baino ez dodan ikusten.
Mila gauza egongo dira segurutik errubera biren ganera igotea baino zirraragarriagoak, baina ahaztu egin jataz. Memoria kaskarra neurea. Oraindino ez dogu asmau bide ertzetik ikusten dana behar bezela espliketan, jenteari merezidu dauen neurrian eskertzen, ezetz esaten. Gure burua engainaten dogu, hori lortu bitartean ez dogula pakerik eukiko –eta antzekoak- errepetiduta. Baina jakin badakigu ertzetik ikusten dan hori ez dala guzur eder bat besterik. Bolumena atxaki bat dala bizirik gagozala aldarrikatzeko eta haren atzean gordeko dogula betirako guretzako bakarrik gura genduan ha.
Ni oso memoria txarrekoa naz. Baina, bai, behar bada mila gauza egongo dira errubera biren ganera igotea baino zirraragarriagoak diranak...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!