Podium kontuez gabizala...
2017-01-12 21:16Azafatena kirol munduan genero bereizketeak daukan aztarrenik bistakoenetakoa, zabalduenetakoa eta polemikoenetakoa da duda bage.
Ondo jakina da hainbat kirol alorretan eta batik bat gurpilen ganean jazoten diranetan -txirrindularitzean, automobilismoan, motoziklismoan eta abar akabubako baten- azafaten papela kirol horreen tradizinoan sano lotua dagoana. Baina egia esanda, beharrezkoak al dira azafatak? Hareen funtzinoak esanguratsuak ete dira? Beste modu batean esan daigun, zer pasauko litzake azafatak kenduko bagenduz?
Azken urteotan sano agirian egon dan itauna da hori baina izan bildurra, lotsea edo kirolaren munduan jaun eta jaube dan omertá isiltasunaren lege ez-idatzia dala ta, inork ez dau hori salatu edo kritiketako saiakerarik egin. Inork be ez egunotara arte behintzat. Izan bere, Sky talde ahalguztiduneko izarra dan Mikel Landa murgiatarrak kolpe zuhur eta arrazoizkoa jo dau mahai ganean eta ondorengo adierazpenak egin ditu gai horren harira: Podiumetako azafatak soberan dagoz neure ustez. Personak objektu sinple lez tratetearen parekoa dala deritxot , personak gitxiestea. Geure kirolean eta beste batzuetan oso errotuta dagoan usadioa da eta horrenbestez, honezaz apurtzeko adore handia behar da. Bertoko probetan, adibidez, oso tradizino ohikotzat daukagu eta inor bere ez da ausartuten pausua emotera. Baina emakumerik politenak eta gorputzik lirainenak dituezanak hor goian jartea ez dot uste erakutsi daitekeen irudirik onena eta bardintasunezkoena danik, inondik inora bere ez.
Are gehiago, txirrindularitza tenporadea edegiko dauan Tour Down Under itzuli australiarreko antolakuntzeak aurton ez dau podiumean edo bestelako puntuetan azafatarik eukiko. Lasterketa horretako zuzendariaren berbetan, ez dauka ezelako zentzunik Gobernuak podiumerako azafaten zerbitzuak ordaintzeak eta aldi berean, hareen gorputzagazko kezkakaitik arazo larriak dituen neska gazteei tratamendu psikologikoak finantzieteak.
Islamaren kulturea eta erlijinoa nagusi diran eremuetan, esate baterako, matxismoak eta genero banaketeak zuzenean beste dimensino bat dauka auzi honetara ekarririk. Lurralde hareetan, podiumean eta bestelakoatan gizonak baino ezin dira egon eta emakumeek justu-justuan daukie lasterketetara ikusle lez joateko aukerea.
Gauzak holan dirala, desbardintasuna, banaketea, sexuen araberako guztiz normalizautako desoreka funtzionala edota oraindino urratzeko dagozan bideak begien bistakoak dira. Tradizinoek geure gizartean upealako pisua daukie baina ez litzake soberan egongo tradizino batzuk birmoldatu edo birplanteetea, egungo aldietara txertatzeko eta modu txiker batean bada be, sexismoaren eta honek beregan dakarren banaketearen aurka gagozala benetan erakusteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!