Arpegi hori

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2016-12-13 20:36

Dana emon behar jako benetan maite dan askatasunari. Ezin garelako ohitu -ezta gitxiago onartu- amesak amesgaizto bihurtzera, eta, are gehiago, besteen amesgaiztoak geure egitera. Azken finean, bizitza beteten deuskuen gauzak egitea geure esku dago eta horregaitik burrukatzeko prest ez bazagoz, lagun... Ez ete da izango ez dozula horrenbeste gura?

Arpegi hori. Nahita hil, piztu eta atzera jaio ostean geratzen jatzuna. Izan 17 ordu ostean Ironman bat egin badozu, 250 kilometro akabubako Sablesko Maratoia egin badozu edo ordu erdi, zeuretzako hori bota eta gainditu beharreko harresi bat izan baldin bada.

Heltzean geratzen jatzun arpegi hori, jakin dot ba nik lortuko nebana dinoan bisai hori. Sufritzearen, negar egitearen, arriskatzearen, galtzearen, barriro galtzearen, erortzearen eta altxatzearen begirada hori. Ez dakit zelan edo ze modutan egingo dodan, baina zin dagit egingo dodana dinoan arpegi hori. Pentsamendu txar oro, pasatako miseria bakotxa, gogoan eukitako iluntze danak eta egin behar izan dozuzan sakrifizio saribako danak eskertuten dituan bisai hori. Ezin lortu izango zenduala behin eta barriro -eta ez arrazoi bage- esan eutsuen danak memoriara ekarten deutsuzana, baita zugan sinestu dabeen gitxi horren begiak be eta, zelan ez, benetan gura zenduana lortutearren bidean itxi behar izan dozuzan eta inoz bueltauko ez diran gauza paregabe danak joan dirala dinotzuna. Guzti hori batzen dau barrenean zeure bisaiak.

Bizikleta baten ganean behin eta barriro gurutziltzatzen zarenean, edo bota biren gatibu gotortzen zarenean zein igerileku baten auto-itoten zarenean geratzen jatzun aupegia. Hori da kirolari orok -esan kirolari, zein ameslari zein persona- erdietsi beharrekoa. Momentu gozoetan momentu latzek euren benetako zentzua hartzen dabenean edo beste modu baten esateko, momentu latzei esker momentu onak benetan merezi daben lez baloraten ikasten danean, ezinezkoa da aurpegi horrezaz ez gogoratzea. Ni neu behintzat, honetarako jaio nintzan eta, seguru asko, honengatik hilko naz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu