Susperraldiaren gakoak
2016-11-15 10:41Herriagandik jaso doguna, herriari bueltatu behar deutsagu. Jose Miguel Barandiaran.
Baserri giroa dekadentzian dagoala ondo jakina da. Landa eremuan, aizkorearen, segearen, txokorren, txingen eta abarren habitata sano murritza da, eta horren parekide da, izan be, herri kirolen egoera latza. Garai bateko klimax naroaz hona, herri-joko honeek euskal ondarearen biziaren baitan guztiz posizino periferikoa hartu dabe.
Juan Manuel Erasun adituaren berbetan, faktore esanguratsu bi dagoz kirol honeen gainbeherea justifiketako. Alde batetik, baserri eta, oro har, nekazal mundua krisian dagoala. Bestalde, kirolotako franko lanabes tradizionaletan oinarrituten dirala eta herraminta honeek dekadentzian dagozala. Euskaldunok, batzuk sikeran, ikuspegi desegokia daukagu herri kirolen inguruan. Berez, hemeretzi bat diziplina dagoz baina herritarron begietan herri kirolak osotasun bat lez dakusaguz. Dana dala, batzuk kimioterapia sesino erradikalagoak behar dabez, osasun egoera larrian dagoz-eta. Egia esan, jokoon gehiengo aitagarriena uri jaietara mugatu dira eta, seguruenez, behar baino gehiago folklorizatu.
Baina gainbehera horrek badauka bisai positiborik. Izan be, behea jo daben orok behetik hasteko aukera ezinhobea dauka, hau da, oinarritik. Herri kirolen suspertzea, suspertzerik egotekotan behintzat, behetik gorakoa izan beharko da. Eta suspertze hori errotuteko habitata, hain zuzen be, eskolea da.
Jose Miguel Barandiaran maisu handiaren berbetan, herriagandik jaso doguna, herriari bueltatu behar deutsagu. Hortaz, berpizteko saiakera horrexetan herritik eta herrirako jokatu beharra dago. Kirol honeek nonondik badatoz, ludikotasunetik datoz zalantza bage. Herritik sortutako jolasak arautzerakoan sortu ziran eta horrenbestez, lausotuta dagoan ondare hau herriari bueltatzen ez badeutsagu, barriro herriagana ez bagoaz, suspertzea zinez gatxa subertauko jaku.
Etxeko transmisinoa dezente planteagatxa danez, eskolakoa eta eskolaz kanpoko aisi jardunekoa indartutea guztiz beharrezkoa da. Jo daigun adibidez Irlandara. Herrialde horretan sokatirea ia-ia kirol nazionala dogu. Badauka folklorikoaren kutsurik, bai, baina ondarea puri-purian eta guztiz bizirik dago eta hain da adierazgarria haren oihartzuna ezen mundu mailako kirola bihurtu dan, txapelketa, sailkapen eta abar guztiakaz. Geurean ere halango zeozer bultzatu beharra dogu, herri aberastasun guzti hau ezin dogu-ta alperrik ugertzen itxi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!