Badatoz

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2016-11-03 10:35

Negu hotza ate joka dogu. Baina ilunak badauko bere alderdi samurrik eta gordintasunak bere berotasun izkutukorik.

Azken goiz argiak ortzian. Akabuko printzak joan doazan erritmo beretsuan datoz lehenengo hotzak geurera. Ganean doguz lehenengo goiz leituak, eguneko lehen ordu horreetan berotzen dan esnearen bits etxekoa. Badatoz, ondo etorri be, erdi argitan erdi ilunetan egiten diran entrenamenduetako eskemak. Jagi, isil-isilean preparau eta hotzetara. Bueltan dogu euri langar finaren mistika ahaztua, goiz eme biluzietako behe-laino misteriotsua eta etxeetako barren epelak. Geurean doguz egun astunotan, orrietako gorrixkak, iratze okre geldiak eta hamaikatxu polideportibo edo gimnasiotako argi artifizial herritarrak. 

Badatoz kupida bage bikotxa balio daben kirol saioak: entrenaten dogunok, geureaz gan, entrenaten ez daben besteen partez bere egiten dogulako. Mundura datoz lehenengo artxo txikiak eta modu berean erneten doaz gabon sasoirako salduak euki gura dituen baserritarren kezkak. Atzera geurean izerdi hotza, neguko karranpea eta gihar laztuak eta hatzamarrak ez sentidutea. Eta batez bere, bueltan dago kirol saio kritiko horreen osteko erritual sagraduak: etxeratzea, atariko pazko lorak -jarri eta atoan zimeltzen diran horreek, bai-, salda bero askoa eta bentanatako lurruna. Negu aroa gatxa eta krudela izango da, bai, baina gauza edarragorik ete dago... 

Badatoz gabonileko azoka jentetsuak, sarri etxezulotik ikustea hobea izaten dan horreetakoak. Badatoz gaztain erreak, parke hutsak -korrika dabizen balienteez beteak, baina hutsak halanda be-, gauetako zuzengune sano luze horreetako farola argi distorsionatuen zer hori eta zergaitik ez, entrenau gura eza bere bai. 

Eta geldiro-geldiro pasauko dira egun seinalatuak, kaleetako koloredun argiak, urteroko arratsalde jentetsuak eta tankera orotako konbersazino zentzunik bakoak. Holantxe, apurka-apurka, agertuko dira lurrean lehenengo San Juan lorak, udabarriko urak, orlegi freskoak, garau barriak, prezio bajuagoak, entrenamendu desbardinak, uda gosea eta kirol egarria. 

Isiltzen dan oro ez dalako hilten eta hilten dan oro ez dalako desagertzen, badator negu errukibakoa geurera, hainbesterainoko gorrotoz maite dogun horixe. Baina urtuko dira izotzak, lurrunduko itzalak, leunduko muskuloak, bueltauko sentsazinoak eta agurtuko gaueko argiak. Bere horretan, bueltauko kirrikirrien hotsak, herriko haize epela, terrazak eta iraultza txikerrak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu