Oro laino mehe batek estalia

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2016-10-06 09:53

Osasuntsu egoteko, ondo pasetako, egunerokotasun astun eta monotonotik apur bat deskonektetako, persona barriak ezagutzeko… Asko izan daitekez kirola egitera bultzatzen gaituen arrazoiak, asko eta oso desbardinak.

Oraingoan, urte askoan ezagun dodan lagun on baten kasua kontau gura neuke. Eskolen inguru hotzean ezagutu neban, herrira berandutxu ailegatu zalako. Hasikeran, umezaroan, oso urruna eta misteriotsua iruditzen jatan persona izatetik benetako laguna eta erreferentea bihurtzera igaro dan mutil batez nabil. Hori guztia urte bitan baino ez. Kontua da, izugarri harritzen ninduala mutil honek egunerokotasunean erakusten eban ilusinoa eta bizigurea. Batez ere azken hau, bizigurea: biziteko gogoa. Hain sinple baina hain ahazkor XXI. mende honetan, prisen eta fast living-aren aroan. Baten, bere energia eta indar miragarri eta neurribakoagaitik galdetu neutson, bizitzako arlo guztietan (eskolan, familiagaz, lagunekaz, unibersidadeko jenteagaz, ikasgaiakaz, euskaltzaletasunagaz, hainbeste maite dituan maratoiakaz…). Izan be, bere 22 urte freskoakaz 6 maratoi lehiatu eta amaitu –oso aurrean ganera- ditu mutil honek.

Kontu honeeri buruz galdetuta, bere benetako istorioa kontau eustan, libruetatik eta eskoletatik at egoana, tinta gazi-gozoz idatzitako ha, bere bizi-istorioa. Antza urtebetean apokalipsiko zaldun danak batera etorri jakozan koitaduari, jazo ahal zan guztia pasatu jakon. 17 urte eukozala, ama eta lagun oso hurreko bat hil jakozan (lehenengoa kantzerrez, bigarrena istripu baten), kursoa errepetidu eban eta hankea goitik behera –tibia eta peronea hiru lekutatik- triskadu eban. 10 hilebete eskasetan lau kolpe, edonor ehorzteko lain, zalantza bage. Desgrazia hareen osteko etapea deskribidu eustanean, ziharo kurioso iruditu jaten azaltzeko erabili eban tankerea: Benito Lertxundiren kantu batez. Bai, bai. Bere berbetan, jazokera hareen osteko urte biak izan ziran gogorrenak eta biziteko astunenak. Dana ikusten eban lausotuta, urtenbide bage eta bere berbetan, oro laino mehe batek estalia. Horixe izan zan lehenengo esan eustana, errealidadea oro laino mehe batek estalia, Benitok lez.

Baina hondoa jo ebanean, beherago joaterik ez zalarik, suspertzea eta bere errautsetatik berpiztea erabagi eban. Ave Fenix. Atzera jaioteko hil, biziten barrikasteko jaio. Hankako lesinoak guztiz errekuperau ostean, ilusinoa eta barrugogoa berreskuratzeari ekin eutson. Horixe izan ei zan gogorrena, bere ustetan. Baina hortxe sartu zan kirola, zelan ez. Ordura arte, korrika egitea ahazteko, deskonektetako, erlaxatzeko edo bakarrik lasai sentiduteko erabilten eban. Baina bere bigarren etapa, bigarren sari honetan, antza danez arineketan egiteak gogoratzeko, hamen zergaitik eta norengaitik dagoan gogoan eukiteko, eskertzen ikasteko, testifiketan jarraitzeko edota amesteko (batez be amesteko) balio deutso. Ez da ez gitxi.

Berak sarri esaten daben lez, ezin dogu onartu behin ames izandakoa gaur amesgaizto bihurtzerik. Bizitea edarra dan heinean gogorra bere bada eta ez ditu gauzak erraz jarten. Beraz, geure konfort zonatik at moldatzen eta bildur zein aurreretxi oro lagaten ikasi behar dogu. Berba potoloak, 22 urteko gazte baten ahotik urtenak dirala ikusiaz.

Zintzotasun osoz baieztatuko neuke, akaso gehien markau izan nauen personea dala hau eta ikastean, musika entzutean, berba egitean, irakurtaean edo batez bere korrika egitean kutsatzen dauen bizipoz hori neure energia eta indar bihurtu izan dodala sarri. Hori da gizarteari erakutsi behar jakona, gure ondorengoari. Eta ziur nago, inoz baino ziurrago akaso, kirola zubirik onena dala horretarako. Hortaz, berak esango leuken moduan: kejak off, txip kanbioa, focus on it eta beti aurrera. Sarritan daukogunaz ez gara-ta jaubetzen, itsu egongo baginen lez, bizitearen funtsa eta subertea distorsionauta ikusten dogularik, oro laino mehe batek estalia. Gaurkoan utikan lainoak, akabo kexuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu