Amesten, gora begira eta goitik begira

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2016-09-27 16:53

Euskaldunok eta mendia. Mendia eta euskaldunok. Geure herriko binomio bereizgarrienetakoa dogu hau, bereizgarriena ez bada. Zer dala ta daukogu horren errotua zaletasun hau geurean? Arrazoiak –begien bistakoenak behintzat- oso desbardinak eta anitzak dira.

Hasteko, eta guztiz logikoa dan lez, geure herriko orografia bereziak mendizaletasunaren tenplu bihurtzen dau geure herria.  Mendiak eta ibarrak zenbat gura dagozan eremu txiker honetan, etxetik apur bat aldendutea eta gailurrak konkistatzeko grina sortzea eskutik doaz ia-ia. Honezaz gan, geure historia zaharra eta baita garaikidea bere, onerako zein txarrerako mendien ingeruan jazo izan da eta horixe bere pisuzko arrazoi bat izan leike. Adibidez, mila aldiz entzun eta modu epiko, nostalgiko edota erromantikoan kontadu izan deuskuezan Gudu Zibileko pasadizuek sarri  izan ditue mendiak gotorleku eta ortu santu. Horren ondorioz ospatuten dira, esaterako, oroimenaren omenezko hamaikatxu urtekera geure lurraldeko mendi desbardinetara urteak joan urteak etorri. Historiagaz lotuta baita, mendiak geure babes eta batasun sistemea izan dirala kontuan euki behar da. Deiadar-mendi lez ezagunak diran mendiek, esate baterako, Batzar Nagusietarako zein atzerriko erasoetarako deialdi lez balio eben.

Baina zelan ez, kirola eta naturea dira mendizaletasunaren ardatz eta epizentro. XX. mendearen lehen hamarkadan emon zan mendizaleen lehenengo loraldian baziran euskaldunak be, geure lurretatik haragorako mugak apurtu eta Alpeak, Himalaya zein bestelakoak konkistatu zituenak; Angel Sopeña Aristegi, Antxon Baldres Azkue edo Andres Espinosa, kasuko. Dana dala, bigarren boladako kirolariak hurragoak eta ezagunagoak doguz, besteak beste, Alex Txikon, Juanito Oiarzabal, Iñurrategi anaiak, Juanjo San Sebastian edota Edurne Pasaban, egun emakumeak be mendi-kulturean intregatuta dagozanaren seinale. Izan bere, mendiak ez dau genero edo kondizinoan ingeruan ulertzen, behin botak janzterakoan danok gara bardinak, danok mendigoizaleak.

Mitologia bere euskal mendizaletasun mugabakoaren giltzetako bat izan leike. Kostaldean ez eze, mendi-muinoen magaletan oinarrituriko tradizino mitologikoa da geurea, bertan egin izan dogu-ta bizitza mendeetan zehar. Mitologia honen arabera hartu izan dabe mendi jakin batzuek (Anbotok, Gorbeiak, Oizek zein Aralarrek, adibidez) izaera mitikoa edo sagradua, bertan bizi diran izaki desbardinakaitik.

Oro har, euskaldunok mendira begira egon izan gara, izan eguraldi, gerra, uzta edo ames kontuagatik eta holan egin izan dogu geure bizitzea: amesten, gora begira eta goitik begira. Mendizaletasuna geure izakerearen ADNan txertatu da eta are gehiago, maitasun honen haria ez da oraindino eten, belaunaldi gazteak pausu sendoagaz datoz eta mendizaletasunaren katea barriztuaz. Astegoien honetan non egongo ete da mendi martxea edo lasterketea? 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu