Zergaitik?
2016-03-09 12:03Zeure omenez dira gaurko pedalkada latz baina samurrok, lagun. Laster arte.
Garagarrileko egun arraro batean joan zinan. Dana sano lasai egoan telefonoak isiltasuna zulatu artean. Ohetik jagi eta udako goiz alper horreetako bat hasteko egoan. Logelako atearen behealdetik eguzkiaren errainu igeskor eta dardakari batzuk sartzen ziran, nahiko lotsatiak baziran be. Eta zelan ahaztu kafe egin barriaren usain ha.
Akorduan daukat lagun, ondo akorduan be, etxeko usainik egotekotan ha zala neuri gehien gustetan jatanatako bat. Etxeko danon ahotan urtzen zan kafea, danok batutekoa, mingotsa baina esanguraz gozoa aldi berean. Geurea. Zapatua zan, jai egun deiturikoa, lan eguna neuretzako. Errepideak, neure bazterrik ezkutuenak, txoko ixil eta ospelak edota mendiburuetako bazterrak bisitetako eguna. Betiko lez, bi erruberen ganean. Bagenkian garai latzak zirala danontzako, adin temati eta arriskutsu batean egozala. Izan Messenger dalakoa, edo Tuenti, edo oraindino ezezaguna genduan Facebook ha… nerabezaroan galduta egozan, gazte-zoro, geu gidatuteko itsasargi bage. Ta zer esan zeuri buruz? Hamaikatxu bariku barretsutan geure apunte, boligrafo eta eskolen aurkako anestesia izan zinan –eta zara gaur be-, gaiztokeria egiten lehena, kokotekoa jasoten be lehenengoa, eta batez be benetan gura zenduanagaitik arpegia emoten eban lehena. Zugandik zenbat gauza ikasi izan dodan jakingo bazeunke… Jakin bagenkian zeure gaixotasunak hobera ein ebala aspaldian, egoera askozaz ere kontrolatuago egoala. Burruka haretako lehenengo asaltoa irabazia zenduan minbizi hilkor puta haren aurka. Eta zelan ez, burruken akabuan lorak dagoz beti. Loriaren eta garaipenaren lorak, handitasunarenak. Geure plana be horixe zan, hospitalera bisitatxua egitera joan eta lorak eroatea, 23 larrosa, anai bakotxeko bana. Baina loria ezerez bihurtu zan, eta garaipenaren lorak dolu-saminarenak bihurtu ziran.
Bat-batean, bigarren asaltoa hasi eta gibeletik erasan eutsun kantzer harek. Zeuk gogor eutsi, ukubilkada bat bestearen atzetik, baina ezin. Zin dotsut emoten dodan pedalkada bakotxean ukalbikada horreek gogoratuten dodazala, zelan hareek garaitu? Zelan iparra ez galdu? Sare sozialek edozertarako balio ei dabe gaur egun. Ba egun haretan, Messenger hotz harek barririk latzena emoteko baino ez eban balio izan. Mezu soil baten, Ibon joan ein jaku. Derrepentean, ezelako abisu barik. Gatxa ia K.O. ixtetik isiltasunera, aitaren esku ligorrak eta amaren begi lanbrotsuak iluntasunean urruntzen ikustera, horrenbeste maitatzen erakutsi euskusun gauza oro galtzera.
Egun haretatik hona udabarri dezente igaro da, garagarrileko egun soil franko, milaka abentura eta bihotz-hauste txikerren bat edo beste. Goiz haretatik ikasi dodan gauza bakarrenetako bat zera da, faltan botaten. Bai bai, arraroa –eta akaso kursi samarra, batzuek dinoen lez- dan arren, faltan botaten ikasi dot, benetan faltan botaten eta baita biziriko sekretutxu guztiak hondratzen. Persona lez, gehiago lotu nozu bai lagunekaz, zein gurasoakaz, amumagaz eta zerrenda honetan sartuten dirala jakin badakien beste batzuekaz.
Honezaz gan, pedalkada bakotxaren zergaitia argitu deustazu. Zer dala-ta sufriduten dodan, zer dala-ta sentiarazoten nauen bizirik kirol honek. Beti ikusi izan zaitut, jente ezezagunez bulartutako bide hegaletan, eguzkiak urtzen nauela edo euri-hotzetan negar-minari ezin eutsirik nagoala. Eta orain, hain zuzen euria goitik-behetik dabilela errepidera urtetako puntuan nagoala, zutaz gogoratzen naz. Gaur badakit zergaitik sufriduko dodan, badakit zergaitik emongo dodan hurrengo pedalkada beti apur bat gogorrago, badakit zergaitik bihurtu nazen bihurtu nazena eta batez be jakin badakit zergaitik maite dodazan izena, izerdia eta izakerea. Zeure omenez dira gaurko pedalkada latz baina samurrok, lagun. Laster arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!