Anestesia kontua
2016-03-01 12:11Futbolaz ezer jakin bage ez zara inor, lagun. Heldu da, bai, garaia non hiponimo txiki eta ahalguztidunak hiperonimo zahar eta handia iruntsi dauen. Ebakuntza mahaiaren gainean, XXI. mendeko morfina, diruaren bigarren abizena, futbola.
Zer jazoten da hiponimoak hiperonimoa iruntsikeran? Zer jazoten da futbolak kirola ebasten dauenean? Protestetea zilegi ez dan honetan, zelaiaren orlegia da balizko aterbe bakarra zenbaitentzako.
Arazoak arazo, beti dago lasaigarri kuttun hori eskura, beti ezbehar oro ahaztuarazoten gaituan sendabide edota anestesia general hori. Bardintasuna aldamenekoa izorratuta ikustea dan honetan, askatasuna talde batekoa edo bestekoa izatean oinarritzen dan honetan, edo Movistar zein Euskaltel izateak etorkizuna margozten dauen honetan, izaera-zauriak sakontzen doaz. Are gehiago, justizia ustezko penalti edo falta batek zehazten dauela-eta, berba potolook euren zentzua zeharo galdu dabelakoan nago. Zauriak sakontzen doaz eta ez dago ebakuntzarako borondaterik.
Honezkero ez dau ardura kirola eta honen balio oro odolustuteak, futbolaren –edo hobeto esanda, futbolak beregan daroan farandulearen- menpe gagoz, hau gustau edo ez. Gizarte honen parte garen neurrian, futbolzalearen etiketa aldaezina soinean eroan behar(ko) dogu, eta horregaz biziten ikasi, edo ikasten ahalengindu. Parafernalia honetatik at dagozanantzako, ostera, kontrakotasunaren zama astun eta latza, gizarte edegi eta aurrerakoi honetan.
Bardin deutso egoera politikoaren gainean ez egotea, bankuak zeure goiko bizilaguna etxetik botatea, ikasketatan solobete kalabaza ataratea zein kirolaren benetako balioak burmuinean txertatuta eukitea. Futbolaz ezer jakin bage ez zara inor, lagun. Heldu da, bai, garaia non hiponimo txiki eta ahalguztidunak hiperonimo zahar eta handia iruntsi dauen. Ebakuntza mahaiaren gainean, XXI. mendeko morfina, diruaren bigarren abizena, futbola.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!