Kirolaren mundu “generikoa” (I)
2015-12-16 16:37Kirola gizartean jazoten danaren isla zuzena da, ondo jakinekoa dan lez. Bizitzako baloreak kirolean ezin hobeto apliketan dira, baita desbardintasun zein injustiziak be.
Kirola gizartean jazoten danaren isla zuzena da, ondo jakinekoa dan lez. Bizitzako baloreak kirolean ezin hobeto apliketan dira, baita desbardintasun zein injustiziak be. XXI. mende bardinzale eta sasi-justiziazkoan, emakumeak gaur egunean bizi dauen egoerea kirol arloan modu zuzenean agertzen jaku.
Emakumea eta gizona bardinak dira legearen aurrean esaldi potoloa, baina txanponaren arpegi bakar baten erakusle baino ez da. Izan be, legediak genero biak modu bardintsuan trataten dituan arren, esparru sozialean, hau da, gizartean bertan, injustizia begien bistakoa eta guztiz ohikoa da. Eta zelan ez, kirola be gizartearen zati dan heinean injustizia honek badauko adierazpenik kirol aldartean, modu zuzen edo zeharkakoagoan. Sarri egundoko burubakokeriak ikusi edo entzun behar izaten doguz baina beste askotan –uste baino gehiagotan- diskriminazinoa gerizpetan eta are gehiago, instituzionalki zein publikoki onartua izaten da.
Diskriminazino honen ispilurik garrantzitsuena, zelan ez, eremu publikotik dator. Zer dala ta dauko gizonezkoen kirolak protagonismo ia osoa komunikabideetan? Emakumezkoan probak zein konpetizinoak, ostera, bigarren mailan geratzen dira, gitxiengoa dira eta ordainetan gitxiengoa izaten jarraitutea bilatzen da. Argi ta garbi dago gizonen parean jarteko ezelako interesik edo borondaterik ez dagoana. Bide honetatik jarraituz, 2015. urtean gagozala eta emakumea kirol munduan antxina sartu zala ondo dakigula, oraindino be askozaz soldata, lan sari edota hobari murritzagoak ditue. Bai bai, 2015. urtean gagoz, irakurle. Harrigarria? Bai. Lotsagarria? Are gehiago.
Tristea dan arren, irakasleek oso gitxitan jarten deutse eskoletako hezkuntza fisikoko klaseetan emakume kirolarien adibiderik ikasle eta umeei. Sinisgatxa subertaten da, bai, baina indarrean dirau neskatxak panpin edo andrakinetara eta mutikoak futbolera mugatuten dituen lege idatzi bakoak eta baztertu beharrekoak. Horregaz apurtuten saiatu ezkero, mari-mutil edo maritxu terminoei behin ta barriro hautsa kendu eta erabiliko ditue ikasleek, norbere buruaren kontra dabizala otu bage. Honegaz guztiagaz, beste hamaikatxu galdera etorri jataz burura, baina dana be ez dago zertan lehenengo egunean plazaratu. Secretos de autor dalakoak, ondo dakizu hori irakurle.
Hori bai, ez neuke amaitu gura azken kontu bat aitatu bage. Izan be, oraintsu leidu dot zelan azken Olinpiar Jokoatan (Londres garaikide eta ahalguztidunean ospaturikoak, bai) Australiako selekzinoko emakumeen saski-baloi taldeak Londresera klase turistan egin ebala hegaldia eta gizonen taldeak, lehen klasean. Honen arrazoiagaitik galdetuta, gizonezkoen taldea profesionala zala esan eban harro selekzinoko delegatuak eta emakumeena, ostera, ez ebala –ez ei dala- horren profesionaltzat joten. Gauzak halan, Londresekoak bardintasunaren Olinpiada lez bataiotu eban prensa internazionalak. Ba hau ikusita ez-bardintasunarenak subertaten jatez niri. Zinezko bardintasunerako bidean karkaba eta sasi asko igaroteko, aurreretxi akabubako eta zaharkituak irauliteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!