Garbizaletasuna edo garbizalekeria

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2015-10-27 17:07

Gaur egun garbizaletasunak ez dauka lekurik kirolean. Garbizaletasuna barik, garbizalekeria behar da egunean-egunean agertzen diran dopaje kasuekaz amaitzeko eta kirola barrutik garbitzeko.

Kirol gorena, XXI. mendeko opioa, egungo entretenimentu modu nagusia, masak mobiduarazoten (edo geldiarazoten) dituana: Futbola. Baina guzur handi bat ete? Galderea bera arriskutsua da baloiaren mendean, kirolaren mendean eta batez be kirol garbizaletasunaren mendean egiteko, inondik inora.

Ondo jakinekoa da joandako hamarkadatan kirolaren munduan dopajeagaz lotutako eskandaluek zelako zeresana eta oihartzuna izan daben. Hamaikatxu golakaitik irabazitako partiduak, Frantziako Tourra zazpitan irabaztea erreskadan, errekor itzelak hamaikatxu maratoi eta lasterketatan, ultraman eta ironman moduko proba basatietan lortutako datu eta emoitza jainkotiarrak… Egin daigun berba argi, hau guztia siniskatxa da, edo halan izan beharko leuke behintzat.

Baina zeresan handiena emoten dauena zera da, kirol gehienak aldaketarako bideari ekin deutsiela jarraitzaileon fedea  berreskuratzearen, sinisgarritasunaren eta ikuskizun gizatiarren (eta ez jainkotiarren) bila. Iragan iluneko  kirolek (txirrindularitzea, atletismoa, ugerketea edota triatloiak) erreformarik zorrotzenak jarri ditue abian azken urteotan. Aldaketa horreen artean, besteak beste, pasaporte biologikoarena dago: kirol-organismoek kirolariei euren datu fisiologikoen profil bat sortzen deutsee eta edozein substantziak datu horreek aldatzen dituenean, berehala atzemoten da.

Gaiaren harian, igaz Frantzian prentsa nazionalera filtrautako informazinoa plazaratu beharra sentiduten dot. Bertan, azken lau urteotako (kirolaren erreforma garbizalearen urteotako) dopaje kasuak  agertzen dira.  Batzuentzat sinistezina izan arren, dopaje kasu gitxien zituen kirolak iragan zikindunak ziran eta batez be, txirrindularitzea zein atletismoa. Kasualidadea? Ez dot uste. Beste muturrean, barriz, sinisgarri eta segurutzat joten zituen  kirolak egozan, batik bat errugbia eta batez be futbola, beste danan ganetik.

Honegaz guztiagaz, ez dot futbolzaletasuna kritiketako helbururik. Kirolen arteko bardintasuna bultzatzea da neure helmugea, eta baita  gaur egungo ustezko kirol fidagarrienaren fidagarritasun-eza salatzea be. Ez neuke pare bat kontu aitatu bage amaitu gura. Batetik, Bernd Schuster entrenatzaile alemana Real Madrid talde ahalguztidunetik modu txarrean kaleratu ebenean, ondorengo adierazpenak egin zituan: En el mundo del fútbol profesional es bastante frecuente el consumo de medicamentos. Los médicos y fisioterapeutas siempre nos daban algo y lo tomábamos sin rechistar, era parte de nuestra profesión y rutina. Incluso hoy en día, muchísimos jugadores de élite tienen consigo más tabletas y píldoras que desodorante y perfume. Siempre necesitan tomar algo por algún motivo.

Bestetik, oraintsu egunkari batzuetan irakurritakoak nabarmendu gura neukez. Baten, Atlético de Madrid taldeak antidoping kontrol bat egin barik itxi ebala jarten eban, Europa League-eko titulua lortu osteko ospakizun eta jaialdian egozala esanez. Beste baten, ostera, atentzinoa emon eta asko pentsarazo eustan Australiako talde txiki batean jazotako eskandalua egunkarien kirolen alorreko azken orrialdeko behekaldean agertuteak. Izan be, talde horretako 34 jokalari esteroidez eta nandrolonaz (estimulatzaile oso gogorrak, hasikeran animaliekaz erabilteko sortuak) dopauta harrapau zituela kontetan zan. Holako zer edo ha geurean lehen orriko titularra izango litzake zalantza barik. Gatxa da esaten, baina gaur egun garbizaletasunak ez dauka lekurik kirolean. Garbizaletasuna barik, garbizalekeria behar da egunean-egunean agertzen diran dopaje kasuekaz amaitzeko eta kirola barrutik garbitzeko.

Prentsearen papela hain erabagigarria dan gizarte honetan, antza danez gauza batzuk ez dira lau haizetara zabaldu behar, kirolaren osasunerako. Edo kirol eta talde handien osasunerako ete zan? Ez nago seguru… Baina dana dala, bien bitartean jarraitu daigun Frantziako mendietara Tourra ikustera joaten, domekatan Katedralean garrasi egiten edo pelota frontoi hotzak berotzen, euskal gizartean kirolak –kirol sano, herrikoi eta sinisgarriak- oraindino be badauko lekurik-eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu