Akorduan dot

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2015-11-09 17:32

Jausten bazara, gogorrago altzetea  baino ez dekozu, lan bako garaipenik ez dago… Zenbat ikasi dodan jakingo bazeunke, amama.

Ta ailegau da udagoiena, ta gogoan dot zeure begiradea. Gogoan aspaldi joandako egun hareek, pasautako momentu ahaztuezin hareek. Erretinean gordeta dot orain dala 16 bat urte biziteak, kirolak eta zeuk emondakoa. Ezin ahaztu udagoien ha. Ume koskor bat nintzala, hautsak kendu eta bizikleta zahar ha emon zeunstan. Atzeko erruberatxuak bidelagun nituan lehenengo baina laster jaubetu nintzan bi erruberan ganean ibilteko gogo eta pasinoa handiegiak zirala niretzako. Sentidu ta egin. Abiada baten kendu genduzan erruberatxuak ta bizikleta gainean benetan hasi. Zelan ahaztu, amama, zeu izan zinala neure jauskeratako zauriak garbitu zenduzana, zelan ahaztu irribarrea zeuk esan eta erakutsirikoari esker agertzen jatala, zeure benetako zoriontasunezko begiradea zala neure pedalkada bakotxagaz bilatuten nebana. Zeuri hutsik ez egitea, zeu nitaz harro egotea.

Ta urteak joan ahalan jolas bihurturikoa afizino hilezkor bihurtu zan. Bi erruberen olatu arrotzetan sartu nintzan, zelan amaituko neban ondo jakin bage, norabide desbardineri jarraituz baina neure hortzemugan beti zeure irudia egoala. Zenbat kilometro egin ete dodaz amama, eguzkitan, euri azpian, hotzak hazurrak izoztuten eustazala, edo edur-izotzetan. Zenbat toki eder ezagututeko aukerea izan ete dot kirol maite honi esker, zeuri esker, zenbat momentu ta arnasestu. Ikusi egin beharko zeunkez amama, eta neurri baten behintzat ikusi dozuz, beti neugaz eroan deutsut-eta. Pedalkada latzenatan, aldatz jainkotiarrenetan, jatsiera pikoanatan zein lautada zabal ta akabukera bakoatan. Jakin badakizu, edo hori espero dot, kirol honek helduarazo nauena. Persona moduan aberastu eta formau nauena, liburuetan topau ezin diran baloreak erakutsi deustazana.

Azken finean, horixe da –edo izan beharko leuke- kirolaren zilegizko esanahia: baloreak. Jakin eizu oraindino be neure garun-bihotzean grabauta dodazala zeuk esaniko berba danak: Jausten bazara, gogorrago altzetea  baino ez dekozu, lan bako garaipenik ez dago… Zenbat ikasi dodan jakingo bazeunke, amama. Bizitzak daukozan gauzak. Orain tren bateko bagoi hotzetik idazten deutsut, klasera bidean. Ondo dakizu momentu honetan errubera biren ganean egotea zenbat gustauko jaten, zeure ondoan, zeugaz batera. Baina zeuk esaten zenduan legez, ez dago lan bako garaipen posiblerik. Ba oraingoan, zuzendu egingo deutsut. Neure garaipenik handiena, inon erakusgarri ez dodan koparik eder eta bereziena zu zeu zara eta beti euki izan deutsut ondoan inongo lanik egin bage. Esango neuke lanak neuk emoten neutsuzala. Etxeko etenbako suaren berotasunetik urrun daukotsut orain amama. Ta ailegau da udagoiena geurera. Baina neure buruari nor nazen galdetuten deutsadan bakotxean zutaz akordetan naz.

Hartu egizuz letra honeek, zeureak eta zeuretzako dira-ta. Hartu egizu nazen modukoa egin nauen kirol hau, hartu egizu gaur nazen guztia eta gorde ondo etxetik urrun dagozan horma hotz horreetan, ia zeozer berotuteko balio daben. Jakin gogoan dodala orain 16 urteko udagoien ha, jakin maite dodala oinordetzan emon deustazun kirol hau, jakin maite zaittudala zeu, amama. Gogoan (izango) dot zure begiradea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu