Udabarri Euskal Jantzari Taldeak 60 urte bete ditu
2026-03-26 10:22 KultureaMakinatxu bat ekitaldi atondu ditue; jantza-saioak, erakusketak, kale-ekitaldiak...

Aurten 60 urte betetzen ditu Udabarri Euskal Jantzari Taldeak. Beraz, jarduera ugari atondu dau urte osoan zehar: jantza-saioak, erakusketak, kale-ekitaldiak eta jaialdi nagusiak jasoten ditu, herritarren parte-hartzea sustatuz eta euskal jantzea kalera eroateko asmoz. Helburu nagusia euskal jantzearen transmisinoa indartzea da.
Aurkezpenean, ondoko honeek izan dira: Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkatea, Jesus Goiria taldeko zuzendariordea eta Igone Idigoras idazkaria. Bertan nabarmendu dabenez, 60 urteko ibilbidea hasiera-hasieratik taldeagaz alkarlanean ibili diran Amorebieta-Etxanoko persona askoren lanari eta laguntzeari esker izan da. Jasotako laguntza guztia eskertu eta etorkizunera begirako transmisinoa eta belaunaldi barrien parte-hartzea sustatzea dogu helburua.
Ainhoa Salterain alkateak nabarmendu dauenez: Udabarri Jantzari Taldea gure udalerriko erreferente kulturaletako bat da, tradizinoaren eta herri parte-hartzearen balioaren adibidea. 60. urteurren horrek taldean parte hartu daben persona guztien lana autortzeko eta euskal jantzea herritar guztiengana hurreratzen jarraitzeko aukera parebakoa eskaintzen dau.
Jarduerak
Egitaraua Aste Santuaren ondoren hasiko da, apirilaren 18an, herriko dendetan jarriko dan jantza-jantzien erakusketeagaz. Egun berean, Jantza Plazan saio edegia egingo da, Aiko taldeak gidatuta. Astebete geroago, apirilaren 25ean, Durangaldeko Ezpatajantzari Eguna egingo da lehen aldiz Amorebieta-Etxanon.
Era berean, maiatzaren 23an, barriro be Jantza Plazan saio edegia izango da, oraingoan Eingo taldeak gidatuta.
Bagilaren 6an izango da urteurreneko ekitaldi nagusia, frontoian egingo dan jantza-ikuskizun handia, 150 jantzariren parte-hartzeagaz. Saio berezi horretan Udabarriren 60 urteko ibilbidea autortuko da, hainbat belaunaldietako jantzariak alkartuz eta euskal jantzearen indarra, transmisinoa eta bizitasuna agirian jarriz. Hilabete berean, bagilaren 27an, Larrain Jantzea egingo da herriko plazetan, herritarrei edegita.
Udako hilabeteetan be jarraituko dabe jarduerek. Garagarrilaren 16an, Karmen Egunean, Larran egingo dan ekitaldiagaz eta herriko jaietako euskal erromeriagaz izango dabe jarraipena.
Irailaren 19an, zapatua, goizean kalejirea egingo da, ondoren herri-bazkaria eta kontzertua, Patxi eta Konpainia taldearen eskutik. Zemendian, jantza-ikuskizun berezi batek emongo deutso amaierea urteurreneko programeari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
