'Kuxkuxeatu' kanpaineak foru-museoen sarea ikusarazoko dau

Bizkaie! 2026-03-25 10:42   Kulturea

Sei museo, areto bi eta aparteko hiru kultura-enklabek osotzen dabe.

SantimamiƱe hatx-zuloa, gizadiaren ondare deklaradua. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak Kuxkuxeatu kanpainea jarri dau martxan, foru-museoen sarea ikusarazoteko. Lurraldeko hainbat eskualdetan banatutako sei museok, areto bik eta aparteko hiru kultura-enklabek osotzen dabe, besteak beste, Muskizeko El Pobaleko Burdinola, bertan aukerea dago burdinola tradizinonal baten makineria martxan ikustea; Muñatones Gaztelua, leinuak eta burrukak gordeten dituan Erdi Aroko gotorlekua; edo Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa, ehundik gora urte dituan jatorrizko makinak konserbetan dituan ehungintza-fabrikea.

Kostaldean, Bermeoko Arrantzaleen Museoak Bizkaiaren identidadea markau dauen itsas bizimodura eta tradizinora hurreratzen ditu bisitariak, eta Bakion kokatuta dagoan Txakolin Museoak, barriz, aukerea emoten dau txakolinaren historia eta prestatze-lana ezagutzeko. Gernikan, bestalde, Euskal Herria Museoak euskal kulturan eta haren mendetako bilakaeran zeharreko ibilbidea eskaintzen dau.

Sarean badagoz balio handiko natura eta arkeologia-enklabe batzuk be: Santimamiñe hatx-zuloa, gizadiaren ondare izentautakoa edo Omako Basoa, Agustín Ibarrolaren lana, arteak eta natureak bat egiten daben aparteko arte-espazioa. Bilbon, Arkeologia Museoak bisitariak konbidetan ditu milaka urtetan zehar bidaia egin deien, Bizkaia bizileku izan eben komunidadeek itxitako hondar materialen bidez. Azkenik, erakusketa-espazio bik osotzen dabe sarea: Rekalde Aretoa, arte eta sormen garaikideari buruzkoa; eta Ondare Aretoa, Bizkaiko Lurralde Historikoaren memoriari eta ondare historikoari lotutako jardun kulturala erakusten dauen espazioa. Bilbon dagoz areto biak.

Kanpainearen sorrereak helburu argia daukia: aitatutako espazioek kulturea, jakintzea eta nortasuna transmitiduteko daben balioa autortu eta nabarmentzea, eta bisitariak animetea espaziook deskubridu eta bisitau deiezan eta Bizkaiaren historiara hurreratu daitezala.

Kuxkuxeatu: gure kultura deskubriduteko konbita

Kuxkuxeatu kontzeptuaren inguruan egituratzen da kanpainea, hau da, museoei beste begi batzuekaz begirateko konbita da, foru-museoen sarea deskubriduteko ikusmina eta jakin-mina buztarten dituan jarrera bategaz. Kuxkuxeatuk gure kulturan sartzeko proposamena egiten dau, adibidez: ulertu zelan prestetan dan txakolina edo belaunaldi osoak definidu dituen itsas tradizinoak zelakoak izan ziran ezagutzea. Beraz, aukerea emoten dau milaka urtetan atzera egiteko, ulertzeko zelan bizi izan ziran gure arbasoak edo denboran atzera bidaiatzeko ehungintza-fabrikea edo ehun urteko burdinola ikusteko, eta, holan, Bizkaiaren ondare industriala bertatik bertara ezagutzeko.

Horrezaz gan, kanpaineak harridurea biztu gura dau bisitariengan, arte garaikidearen aurrean, Erdi Aroko gaztelu baten aurrean, antxinako hatx-zulo baten aurrean edo hurreratu ahala arte-lan konbertiduten dan baso baten magiaren aurrean. Azken finean, museoen enklabe foralen bidez eta nor garen ulertzeko aukerea emoten daben espazioen bidez Bizkaia kuxkuxeatzeko deia da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu