Gazteentzako proposamen ugari Umore Azokan

Bizkaie! 2025-05-13 10:19   Kulturea

Etzi, maiatzak 15, hasiko da jaialdia.

Leioak, maiatzaren 15etik 18ra, 25. Umore Azoka hartuko dau. Aurton, gazteak erakartzeko ahalegin berezia egin dau jaialdiak. Halanda ze, herriko kaleak aire libreko eszena handi bihurtuko dira barriz be.

Programeak 100 ikuskizun baino gehiago batuko ditu, 300 profesionaletik gora, publiko guztientzako proposamenak eta hainbat formatu, esaterako: antzerkia, jantzea, zirkua eta musikea.

Halanda ze, gazteen interesa biztuko daben proposamenak indartu nahi izan ditu jaialdiak, artea kalean modu zuzen eta parte-hartzailean bizitzera konbidaduz.

Gazteentzako eskaintza horreen artean azpimarratzekoak dira: Artifiziala, Flu Teatro Konpainiaren lana, adimen artifizialari buruzko hausnarketa umorearen bidez egiten dauena; Famulus 4.0, Iron Skulls Konpainiaren eskutik, jantza urbanoa eta teknologia buztartzen dituan ikuskizuna.

Bestalde, emozinoetara eroaten daben ikuskizunak be izango dira, esaterako: Sinsolo, Faltan 7 Konpainiaren lana, arrisku emozinonala eta oreka oholtzean buztartzen dituana zirkuko tekniken bidez: bertikalak, porteak, bizikleta akrobatikoa eta zirkuko masta; Revolución, Teatro Sobre Ruedasen proposamen ibiltariak irisgarritasunaren inguruan hausnartzera konbidetan dau zirkuaren, umorearen eta musikearen bidez; Somos, Circuspuntoren eskutik, esanahiz betetako zirku garaikidea da; eta US, Company Midnight Konpainiaren ikuskizuna, labainak protagonista dituan jantza-piezea.

Familientzako programazinoak be toki nabarmena izango dau, alkarregaz disfrutetako muntaketegaz. Besteak beste: Kay robot, Ameztu Antzerkiaren txotxongilo-abentura futuristea; Superheroiak, Erre Produkzinoaken eskutik, mundua salbetako misino dibertigarria; Baboom, Xabi Larrearen zirku-proposamen inspiratzailea, alkartasuna eta ekintza kolektiboa desbardintasunak gainditzeko kako dirala gogorarazoten dauena; eta Loratzen, Zirkun Zirkoren lana, musikea, umorea eta sentikortasuna edade guztientzako buztartzen dituana.

Kontuak kontu, jaialdiak hazten jarraitzen dau, jatorrizko helburuari eutsiz: kultura espazioa publikora hurreratzea modu bizian, inklusiboan eta gertukoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu