Punta Begoña, Euskadin egindako musikea zabaltzeko agertokia

Bizkaie! 2025-03-06 12:17   Kulturea

Egunotan zortzi bideoklip grabau dira.

Konpromiso horri esker, hainbat artista barri eta ospetsuren ekitaldiak egin dira, besteak beste, Amaia Miranda, Laura Sam, Mahl Kobat eta Maider Lasa edo zenbait alkarlanen bidez, Ke Leporen eta Felix Buffen artekoa edo Ander Mujikaren eta Txofo Wilsonena, urtarrilean monumentuaren areto nagusia musika elektronikoaren erdigune bihurtu baitzeben.

EITB Kulturaren eta Punta Begoña Fundazinoaren arteko lankidetza horri esker, sensibilidades betetako piezak kaleratu dira eta, telebista publikoaren eta sare sozialen bidez, euskal musikearen sorkuntzarik bereienak zabaltzen ditue, hainbat estilo erakutsiz, besteak beste, rap, musika elektronikoa, poesia, rocka edo operea.

Galerietako agertokiak aparteko garrantzia dau klipen tratamenduan, izan be, artista parte-hartzaile batzuek azpimarratzen dabenez, esate baterako Amaia Mirandak, tokiek abestiak aldatzen ditue eta batzuetan musikari bat gehiago dira.

Eta obraren bilakaerak horretarako aukerea emon dauen neurrian, Punta Begoñan eskaintzen diran ikuskizunak, grabazinoak, diskoen aurkezpenak edo musika-programen filmaketak egin dira. Holan, RTVEk galeriak aukeratu zituan Un país para escucharlo programa ezaguna grabetako, Ariel Rot musikariak gidatua. Iparraldeari eskainitako atalean, Punta Begoñak Shinova taldearen kontzertua hartu eban, urtebete geroago jaialdi ospetsuenetako kartelen buru izan dana. Si no es contigo bere abestiaren bideoklipak Punta Begoñako aisialdirako galeriaren handitasuna eta itsasoaren gaineko ikuspegi ikusgarriak batzen ditu.

Music Legends jaialdia ere izan da bertan, izan be, jaialdiak erabagi eban Bizkaiko leku enblematikoetara eroatea bere musikea eta Sestaoko Labe Garaia eta Galeriak aukeratu zituen horretarako. McEnroeren kontzerturako aforoa, udako ilunabarrean, minutu gitxitan bete zan. Bitartean, Ondarearen Europako Jardunaldietan, Galeriek zuzeneko musikeari edegi eutsozan ateak eta zuzenean, irratiz eta sareen bidez eskaini ziran Xabi Aburruzaga trikitilariaren eskutik Kepa Junkerari egindako omenaldi hunkigarria, Tontxu Ipiñaren edo Malu Garayren saioak, Biotz Alai Abesbatzaren kantaldia, Feileren musika zeltea, edo Iñaki Basabe eta Iryna Aleksichuz Ukrainako Musika Akademia Nazionaleko izarraren arteko Txoriak txori duetoa.

Bestalde, Manuel Castillo musikari andaluziarrak, Tour Music Fest 2024ko finalistak, Punta Begoñan grabautako Silencio abestiaren bideoklip barria aurkeztuko dau martxoaren 11n.

Punta Begoñako espazioen edertasuna eta grabazinorako bere tokien sonoridadea be, balio handikoak dira artista eta produktoreentzat. EITB Kultureagazk lankidetzeak bat egiten dau hedabide, plataforma, zinema-produkzinoa, telesail, jaialdi eta bestelakoen proposamen gero eta handiagoakaz, beren ikus-entzunezko proiektuak kokatzeko Galerien inguru parebakoan, adierazo dau Punta Begoña Fundazinoko presidente dan Ignacio Uriartek.

Euskal mendizaletasunaren historia biziak hitzordua dau Punta Begoñan

Getxoko Etorkizuna Mendi Taldeak, 400 kide baino gehiago dituana, bere berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko, enklabe honetan programauko ditu hainbat jarduera ere.

MartIaren 6tik 23ra, EMMOA Fundazinoak (Euskal Mendizaletasunaren Museoa) atondutako Mendian Gora erakusketea egingo da. Erakusketak euskal mendizaletasunaren historiako jazoera garrantzitsuenak batzen ditu, sorreratik gaur arte. Erakusketearen inaugurazinoa Antxon Iturriza idazleak eta EMMOAko idazkariak egingo dabe martiaren 6an, 18:00etan eta zabalik egongo da eguenetik zapatura, 10:00etatik 13:00era, eta 16:00etatik 19:00retara.

Martiaren 13an, arratsaldeko 19:00retan, Emakumea eta mendia mahai-ingurua egingo da eta bertan izango dira: Ohiana Azkorbebeitia korrikalaria, Luisa Alonso Cires Pyrenaica aldizkariko lehen emakume zuzendaria, Sonia Casas goi-mendiko lehen emakume gidaria eta Isabel Garcia alpinistea (zortzimilakoak igo dituena). Emakume horreen lehia, prestakuntza eta dibulgazino-ibilbideak eztabaida aberatsa aurreikusten dau, EMMOAren erakusketearen barruan kokatua.

Eta, maiatzean, hilaren 22tik 25era, Santiago Yánizen Foto y Montaña erakusketea izango da, paisaje-argazkigintzearen arloko egilerik ezagunenetakoa, izan be, National Geographic ospetsuaren argitalpenak ditu eta Parajes inolvidables, excursiones de foto bere liburua Espainiako paisajeei buruzko 10 argazki-libururik onenen zerrendan agertzen da (fotografodigital.com). Etorkizuna Mendi Taldeak programautako jarduerek Punta Begoñaren programazinoa aberasten dabe eta zaharbarritze-prozesuan zehar haren dimensio sozialean laguntzen dabe.

Ricardo Bastida arkitekto handiak Getxoko monumentu esanguratsu hau diseinau eban, Horacio Echevarrietaren enkarguz, enklabe ezin pribilegiatuagoaren barruan kontenplazinorako espazioa sortzeko (José Ramón Foraster, arkitektoa). Galeriek eskaintzen dituen badiako eta itsasoko enkoadraketa bikain horreek gune parebakoa bihurtzen dabe Punta Begoña erakusketarako, gozamenerako eta kulturarako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu