Kirmen Uribek 'En mis sueños siempre tienes 20 años' liburua aurkeztuko dau Bilbon
2024-12-05 10:57 KultureaHilaren 12an, Bidebarrieta Kultugunean.
Kirmen Uribek En mis sueños siempre tienes veinte años poema-liburua aurkeztuko dau Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunean. Jon Kortazar, EHUko irakasle eta katedraduna eta literatur kritikaria, izango da topaketearen aurkezlea. Berton, liburuari buruz berba egiteaz gan, Almudena Cacho kazetariak eta egileak aukerautako hainbat poema irakurriko ditue. Sartzea doban izango da lekua bete arte eta streaming bidez be jarraitu ahal izango da.
Visor de Poesía bildumearen barruan kaleratutako liburua 1999 eta 2024 urteetan idatzitako Kirmen Uriberen poema moltsoa da eta Saturraran operearen libreto argitarabakoa be jasoten dau. Bilduman jasotako testuak era askotako olerkiak dira gaietan, baita formeari jagokonez be. Egileak metrika ugari erabilten ditu, esaterako poema narratiboa, tanka japoniarra, glosea edo abestia. Ondoko gai honeek jorratzen ditue: personek natureagaz dituen hartu-emonak, ezbardintasunaren balioa, maitasunaren eta adiskidetasunaren hauskortasuna, galerea, menpekotasunak edo gerren eta gatazka armatuen ondorioak. Gerardo Markuletak, Ana Arregik eta Kirmen Uribek berak itzuli ditue testuak.
Kirmen Uribe euskal idazle garaikideetako bat da. Bere lana hogei hizkuntza baino gehiagotara itzulita dago eta bere ibilbidean zehar Narratibako Sari Nazinonala (2009) jaso dau Bilbao-New York-Bilbao eleberriagaitik, Kritikearen Saria hirutan (2002, 2009 eta 2016) eta Eusko Ikaskuntza Saria (2023).
Komikietarako gidoiak eta hainbat musika talderen abestietarako berbak idazten lehen urratsak emon ondoren, 1996an bere lehen lana argitaratu eban, Lizardi eta erotismoa saiakerea. 2001ean kaleratu eban bere lehen poema liburua, Bitartean heldu eskutik izenekoa, arrakasta handia izanez publikoaren eta kritikearen aldetik, izan be, Euskerazko Poesiaren Kritikearen Saria jaso eban. 2008an hasi zan eleberriaren munduan Bilbao-New York-Bilbao lanagaz, 2009an Literaturako Sari Nazionala lortuz. Beste lan nabarmenetako batzuk, La hora de despertarnos juntos (2016), 17 segundos (2019) La vida anterior de los delfines (2021) dira. Ume literatureari be heldu deutso eta umeentzako hainbat liburu argitaratu ditu.
Almudena Cacho
Kazetari bilbotarra da, batez be irratian egindako lanagaitik eta telebistako saioen aurkezle bezela ezaguna. Gaur egun, Radio Euskadin astegoienetan emoten dan Más Que Palabras saioa zuzentzen eta aurkezten dau.
Jon Kortazar
Euskerazko Literaturako katedraduna da Euskal Herriko Unibersidadean (EHU). Narratibako hainbat lan ditu, baina gehien ezagutzen dauen eta denpora gehien eskaini deutson alderdia, kritikea literarioa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!