Estitxu, Maite Idirin eta Lurdes Iriondori omenaldia

Bizkaie! 2024-10-24 12:44   Kulturea

Errobiren 50 kontzertua be iragarri dabe, Iparra Galdu Gabe Jardunaldien ekitaldien artean.

Amaia Aguirre Getxoko alkatea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Iparraldeko kultur errealidadea hurreratuko dau Getxora Iparra Galdu Gabe Jardunaldien XI. edizinoak zemendian, publiko guztientzat pentsautako jarduerakaz. Aurten be gozau ahal izango da berben bidezko kulturea, euskerea dauen kulturea, euskerea bera eta errealidadeagaz, hainbat musika, antzerki, literatura eta zine adierazpenen bidez, horreen artean Errobiren 50. urteurreneko kontzertua. Beste aukera bat izango da, iman baten antzera alde biak hurreratzeko, Euskadiko punta bietan, iparraldean eta hegoaldean dagozan herrien arteko zubiak ezartzeko eta alkarregaz lan egiteko interesetan eta kezkatzen gaituen gaien alde. Gure ustez, oso interesgarria da gure urirako ekimen hau bultzatzen jarraitzea, orain 20 urte baino gehiago Getxoko Udalaren eta Euskal Kultur Erakundearen artean atontzen hasi ginana, beti be udalerriko hainbat alkarteren laguntzeagaz, azaldu dau Amaia Aguirre alkateak.

Aurreko edizinoetan bezela, ekimena Getxoko Udalak eta Euskal Kultur Erakundeak atondu dabe, udalerriko hainbat eragilegaz alkarlanean (Egizu, ALBE, Hiruka, Azebarri Hezetasun Jai Batzordea...). Getxoko uria Iparraldeko kulturearen ezinbesteko erakusleiho bihurtu da. Gure lurraldeko eragileentzat aukera parebakoa da, euren lanak eta sorkuntzak Getxoko herritarrakaz konpartiduteko eta hori beti toki eta baldintza bikainetan. Horretarako, Getxoren arteko partaidetza aberatsa horregaz segiduteko prest gagoz, aurtengo programak erakusten dauen legez, Beraz, Getxogaz ez daigun Iparra galdu!, aitatu dau Fran Suarez Euskal Kultur Elkarteko proiektu arduradunak.

Egitaraua

- Hiru emazte kantari gogoan kontzertuak ekingo deutso aurtengo edizinoari, zemendiaren 8an, 20:30ean Azebarri Kultur Elkartearen egoitzan (Euskal Herria kalea 14, Algorta); bertan Maialen Alfaro, Maider Bedaxagar eta Naia Robles kantariek omenaldia eskainiko deutsee euskal musikan aintzindariak izan ziran Estibaliz Robles Estitxu, Maite Idirin eta Lurdes Iriondori. Azebarri alkarteagaz eta Hezetasun Jai Batzordeagaz alkarlanean atondutako kantaldian sartzea doban da.

- Hurrengo egunean, zemendiaren 9an, Naia Roblesek eta Oihan Delavignek Papogorri ipuin musikatua eskainiko dabe, 17:00etan eta 18:30ean, Fadura Kiroldegiko areto nagusian, Sendi egitasmoagaz eta Hezetasuneko Jai Batzordeagaz alkarlanean. Bestalde, egun horretan, 13:00ean Noraezean, Jon Gorospe argazkilariaren erakusketearen inaugurazinoa izango da Benta egoitzan eta bertan hilaren 24ra arte ikusi ahal izango da.

Beste alde batetik, Bizkarsoro dokumentala ikusi ahal izango da zemendiaren 12an Romo Kultur Etxean 09:30ean, eta 13an Muxikebarrin, 09:30ean eta 18:30ean. Barriketaldia izango da Josu Martinez zuzendariagaz. Egizugaz alkarlanean atondutakoa, sartzea debalde izango da.

Zemendiaren 15ean, 19:00retan, Bernat Etxepareren olerkiak abesti bihurtuta entzun ahal izango dira, Itxaro Bordaren eta Ibon RGren eskutik, Iaquin Vahu saioan, Azebarri Kultur Elkartearen egoitzan, berak eta Egizuk atonduta. Egun horretan, toki berean, baina 20:30ean, Bihotza Gazte bertsolarien saioa izango da, Haira Aizpurua, Xabal Illarregi, Xabier Arriaga eta Josu Landetagaz. ALBEren eskutik, gai-jartzailea Jone Uria izango da.

Eneko Bidegainek Bichta éder liburuari buruzko gorabeherak eskainiko ditu zemendiaren 28an, 19:30ean, Villamonteko Kultur Etxean, Egizuk atonduta.

Azkenik, Kultur Etxearen eskutik helduko da Errobi 50. urteurreneko kontzertua zemendiaren 30ean, zapatuan, Muxikebarrin, 20:00etan, sarrerak 20 euroan (ohiko salmenta puntuetan). Taldeak eskainiko dauen bakanetako kontzertu horren aurretik, hilaren 27an, 19:00etan, Anje Duhalde, Mixel Ducau eta Daniel Landart protagonistek mende erdiaren ibilbidea errepasauko dabe Muxikebarrin eskainiko daben barriketaldian. Horri lotuta, Getxoko 400 ikaslek parte hartuko dabe Gure lekukotasuna eta Perttoli abestien bideo-grabazinoan, euskal kulturearen transmisinoa sustatzen laguntzeko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu