Udalbatza eta Larreen Mankomunidadearen XII. Zeharkaldia urriaren 26an egingo dira
2024-10-24 07:52 KultureaZeanurik eta Ubidek Larreen Inguruko Bakea gaurkotuko dabe.
Urriaren 26an, zapatuan, orain dala 120 urte baino gehiagotik urtero egiten dabenez, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larren mankomunidadeko kontuen kitapena egingo dabe eta bakea gaurkotuko dabe. Batzar hau aprobetxauta, Zeanuri-Ubide Larreen Mankomunidadearen XII. Zeharkaldia egiteko aukerea be eskainiko da. Zeharkaldi hau Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien —Bideak, sareak eta loturak izenburua daroe aurten— egitarauaren barruan sartu da ibilbideak Erdi Aroan Bilbo eta Gasteiz lotzen zituen errege bidea jarraitzen dauelako eta bidarri horretatik igaroten ziran Bizkaiko itsasportuetara eta Gaztelako barrualdera joiazan personak eta merkantziak.
Orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalak batu egiten dira, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean —hasieran bide erdian, Barazarko mendatean, batzen ziran— udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Urteroko ohiturea eta betebeharra da. Antza danez, batzar horren zergaitia, bazka-larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek gizaldietan —gitxienez XVI. gizalditik— izandako ailegoei amaierea emoteko adostutako akordioa da.
12 kilometroko ibilaldia
Larreen mankomunitatearen batzarra aprobetxauta, Zeanuri eta Ubideko udalek eta Joko Alai, eta Amexier alkarteek Zeanuritik Ubidera doan zeharkaldia atontzen dabe, Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea edo errege bidea jarraituz. Oinezko martxa honegaz hiru helburu nagusi finkatu ditue atontzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzera emotea eta balioestea; bestetik, zeanuriztarrei zein ubidearrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak —eta Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea— ezagutzera emotea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko hartu-emonak sendotzea.
Hitzordua Zeanuriko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan. Plazatik abiatuz, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe Ipiñabururantz zuzentzeko; hemendik Saldropora igon beharko dabe. Saldropoko zelaikadan, Lapursasitik Otzarretako pagadi ospetsuaren ondotik igaro eta Ubiderantz joko dabe; azken txanpa honetan galtzadearen aztarnak argi eta garbi azaltzen diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe parte-hartzaileek, azkenik Ubideko plazara heltzeko. Zeharkaldia amaitzeko, hamabiren bat kilometroko bidea egin behar dabe biltariek, baina seguru hitzorduari erantzutea mereziduko dauala, Ubide eta Zeanuri lotzen zituan galtzadea eta bere inguruan azaltzen dan ondare naturala eta historiko- etnografikoa ezagutzeagaz batera, udagoienean natureak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.
Ibilaldiari amaierea emoteko 13:00ean, Zeanuriko eta Ubideko zinegotziak batzartu egingo dira Ubideko udaletxean, eta gura dauenak 10 bat minutuko batzarrean egoteko aukerea izango dau; bilera horretan idazkariek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen zenbakiak aurkeztu eta bilera-agiria sinatu ostean, danak batera bazkaltzera joango dira. Datorren urtean gauza bera egingo da, baina Zeanuriko udaletxean, eta bazkaria ordaintzea be zeanuriztarrei egokituko jake.
Zeharkaldia
- Eguna: urriaren 26an, zapatuan.
- Izena emotea: Zeanuriko plazan, debalde.
- Autobus zerbitzua (debalde): * 09:00etan: Ubideko plazatik Zeanurira, ubidarrak edota Ubiden kotxea ixten dabenak Zeanurira eroateko. Debalde.
- 13:15ean: Ubidetik Zeanurira, zeanuriztarrak edota Zeanurin kotxea itxi dabenak eroateko. Debalde.
- Urteerea: 10:00etan, Zeanuriko plazan.
- Ibilbidea: 12 kilometro inguru. Ordu bi eta erdi inguruko iraupena, martxa lasaian.
- 13:00ean: Ubideko eta Zeanuriko Udalbatzen batzarra Ubideko udaletxean 2024ko bazka-larreen mankomunidadearen kontuak egiteko eta bilera-agiria sinatzeko.
- Atontzaileak: Zeanuriko Udala, Ubideko Udala, Joko Alai Elkartea eta Amexier Mendi Elkartea.
- Laguntzaileak: Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartea eta Arratiako Gurutze Gorria.
- 1924ko Aktearen Faksimila: 1924an Ubide eta Zeanuriko udalek sinatu Eben aktaren faksimila banatuko da zeharkaldian parte hartzen dabenen artean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!