Aiora Jakak irabazi dau saria Ahmadou Kouroumaren 'Independentzien eguzkiak' itzultzeagaitik
2024-10-21 07:50 KultureaJulia Otxoa, Aiora Jaka eta Jon Urzelai dira aurtengo Euskadi Literatura Sarien irabazleak.
Gaztelaniazko Literatura, Euskerazko Literatura Itzulpena eta Saiakera Euskeraz kategorietako Euskadi Literatura Sariak jasoko ditue, hurranezz hurran. Bajo los astros de la repetición, Independentzien eguzkiak (Ahmadou Kourouma) eta Su festak lanakaz irabazi dabe saria.
Saiakera Gaztelaniaz kategoria emon barik ixtea erabagi dau epaimahaiak.
Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak emon ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo azken hiru irabazleen izenak. Donostiako San Telmo Museoan egindako aurkezpenean jakinarazo ditu sailburuak Gaztelaniazko Literatura, Euskerazko Literatura Itzulpena eta Saiakera Euskaraz modalidadeetako 2024ko irabazleak.
- Gaztelaniazko Literaturea: Julia Otxoa, Bajo los astros de la repetición (Aliar 2015 Ediciones S.L.).
- Euskerazko Literatura Itzulpena: Aiora Jaka, Independentzien eguzkiak (Ahmadou Kourouma (Erein eta Igela).
- Saiakera Euskeraz: Jon Urzelai, Su festak (Susa).
- Saiakera Gaztelaniaz: emon barik ixtea erabagi dau epaimahaiak.
Euskadi Literatura sarietako aurtengo gainontzeko hiru saridunen izenak pasa dan astean iragarri zituen: Jon Gerediagak Zeru lurren liburua lanagaitik Euskerazko Literatura modalidadean jaso dau saria; Harkaitz Canok Ume eta Gazte Literaturearen modalidadean Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez lanagatik; eta David de las Herasek Literatur Lanaren ilustrazinoa modalidadean Campos de Castilla obreagaitik.
Gaztelaniazko Literatura Sariaren epaimahaiaren eretxiz, Julia Otxoaren Bajo los astros de la repetición poema-liburuagaz, hainbat hamarkadatako bidea mamitu dauela uste izan dau epaimahaiak. Obra hau atal handi bitan banatuta dago: El limón y la espada –ezinbestean Rafael Albertiren Entre el clavel y la espadara garoazana. Lehen zatian, ahots konprometiduz, krudelkerian eta suntsipenean esangurarik ez daben munduaren eta historiaren kontrako salaketa globaleko poemak gailentzen dira; liburuaren bigarren zatian, poemek, askoz laburrago eta sententziazkoagoak eta zenbaitetan aforismotik hurbilagoak, oraindino be hondamenean dagoan mundu honetan bizirik dirauen edertasun hori ixten dabe agirian. Epamahaiak adierazo dauenez, poema horreetan hizkunteza dudan jarteak ez dau isiltasunera bultzatzen, injustizia historikoa adierazo eta salatzeko beharraren aurrean berba zehatza bilatzera baino.
Bestalde Euskerazko Literatura Itzulpena modalidadeko epaimahaiak aurtengo Euskadi Literatura saria Aiora Jakarentzat dala erabagi dau, Independentzien eguzkiak (Ahmadou Kourouma) lanagaz. Epaimahaiaren ustez, Aiora Jakak oso itzulpen lan ona egin dau Ahmadou Kouroumaren istorio honegaz eta bikain ekarri dau euskerara, azalez eta mamiz, estiloz zein tonuz. Epaimahaiaren ustez, erritmo narratibo biziko liburua da, ahozkotasunetik hur dagoana, eta itzulpen-erabagi ausart eta zuhurrak hartuta sinisgarritasun osoz euskal irakurlea mendebaldeko Afrikara eroaten dauena.
Jon Urzelairen Su festak lanaren inguruan epaimahaiak lan bikaintzat hartu du, bai forma, bai edukiaren aldetik be. Balorazinoaren arabera, azken hamarkadetako gizarte aldaketen eta gizarte bilakaeren diagnostiko argia eta burutsua egiteko. Musika kantaldi motak aro sozialakaz, gizarte eredu ezbardinakaz eta hainbat prozesu sozialakaz lotu ditu modu arrazoituan, eta epaimahaiaren esanetan, musika jaialdien inguruko azterketa soziologikoa beste eremu batzuetara zabaldu dau. Edozeinen esperientziakaz konektetako gaitasuna dau testuak musika esperientziak eta eguneroko esperientzia sozialak txertatzen baititu gogoetan. Horrek, irakurketa atsegin eta entretenigarria egiten dau.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak saridunak zoriondu eta Euskadi Literatura Sarien helburua talentu sortzailea autortu eta obrak ezagutzera emotea dala adierazo dau. Era berean, irakurle barrien irakurzaletasuna biztuteko be badirala nabarmendu dau. Esangura horreetan, gizarteari dei egin dio saritutako obrak irakurtzeko.
Sariak
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Saridun bakotxak 18.000 euroko saria izango dau, eta beste 4.000 euro eskuratu leikez bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskerazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.
Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia zemendiaren 21ean izango da Vitoria-Gasteizko Artium Museoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!