Badator 'Gernika(k)/Guernica(s). Trauma historikoaren birsemantizazinoak' Nazinoarteko Kongresua

Bizkaie! 2024-05-16 10:03   Kulturea

Hiru erakusketa iragarri ditue.

MHLI (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) UPV/EHUko Ikertaldeak memoria historikoaren errepresentazino artistikoak aztertzea dau helburu. 2013tik Eusko Jaurlaritzeak autortutako 17 kidez osotutako Ikertaldea da eta, orain artean, UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzeak eta MINECOk finantziautako proiektu eta ekintzak egin ditu (www.mhli.net). Mari Jose Olaziregi Alustiza irakaslea da ikertzaile nagusia. Diziplina askotariko ikerlariak dagoz taldean (filologia eta literatura ikerketetan espezialistak, artearen historian adituak, antropologia kulturalean dabizenak...).

Ikertaldearen egungo ikerketa proiektuak Gernika(k): trauma historiko baten errepresentazinoak, transmedialidadeak eta birsemantizazinoak dau izena (PID2021- 125952NB-I00, MCIU 2022- 2025) (2022-2026) eta bere helburu nagusiak honakoak dira: Gernikaren bonbardaketearen errepresentazino garaikideak ikertzea eta Picassoren Guernica koadro ezagunak bultzatu dituan birsemantizazinoak eta prozedura transmedialak aztertzea. Testuinguru honetan kokatzen da Gernika(k)/Guernica(s) Nazinoarteko Kongresua, 2024ko bagilaren 13an eta 14an Gernika-Lumon bertan gauzatuko dana.

Gernika-Lumon bertan ospatuko da biltzarra, eta nazioarteko zein bertoko adituen hitzaldiak eta komunikazioak ez ezik, memoria gaietako erakundeen ordezkarien mahai-ingurua izango da. Hizlarien artean, besteak beste, Stefanie Schüler-Springorum (Technische Universität Berlin), Xabier Irujo (CBS), Maitane Ostolaza (Université de Perpignan) izango dira. Halaber, Gernikako memoria-lekuetan barna ibilbide gidatua egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek, bai eta ikertaldeak antolatutako hiru erakusketak bisitatzeko ere.

Nazinoarteko Kongresuari buruzko informazino gehiago:

- MHLI ikertaldeko webgunean
- Udako Ikastaroak-eko (UIK) webgunean.

Horrezaz gan, ikusgarri jarriko dira Nazinoarteko Kongresuaren harian atondutako 3 erakusketak:

1. Aire Errea, Xabier Erkiziaren erakusketea (2024/05/16 – 2024/07/07) Gernikako Bakearen Museoan. Inaugurazinoa maiatzaren 16an, arratsaldeko 18:00etan.

Gernikako Bakearen Museoaren eta MHLI (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) ikertaldearen arteko alkarlanean atondutako erakusketa honetan, Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) artistearen Aire errea izeneko soinu instalazinoa aurkezten da.

Gerrearen zarata kontzeptuaren gaineko hausnarketea da, mendebaldeko gizartean gerreari buruz daukagun iruditeria zabal eta konplexuaren harian, irudiez gan, soinuaren bitartez be eregi dan neurrian. Guda baten soinuen gaineko hurreratze gitxi egin dira, nahiz eta jakin gerreak arlo guztiak hartzen dituala, baita entzumenetik datorrena.

Erakusketaren komisarioak: Ismael Manterola, Andere Larrinaga eta Mikel Onandia.

Informazino gehiago:

Gernika(k)/Guernica(s). Trauma historikoaren birsemantizazioak Nazioarteko Kongresuko programearen barruan, bagilaren 13an bisita gidatu berezi bat eskainiko da Gernikako Bakearen Museoan Kongresuan matrikulau diranentzat.

2. Gernika(k)/Guernica(s) Nazinoarteko Kongresurako kartelak (2024/06/01 - 2024/06/16). Aurkezpena Arte Ederretako Erakusketa Aretoan izango da maiatzaren 23an, 13:30ean.

Kongresuko kartel iragarlea hautatzeko, EHUko Sorkuntza eta Diseinu Graduko Diseinu Grafikoa irakasgaiko 3 taldek parte hartu eben kartel sorkuntzearen ariketan.

MHLI (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) ikertaldeko zenbait partaide UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko irakasleak dira. Zentroko irakasleen konpetentziaz eta ikasleen gaitasun mailaz jaubetuta, Gernika(k)/Guernica(s) Kongresuaren kartelgintzea hezkuntza-proiektu bilakatzea begitandu jaken. Proiekturako benetan erabagigarria izan da Sorkuntza eta Diseinuko Graduko Diseinu grafikoa irakasgaiko irakasleen inplikazinoa: Eneritz Amondarain, Laura Alvarez eta Tania Quindos. Hirurak Arte Ederren Fakultateko Marrazkigintza Saileko irakasleak dira. Diseinu grafikoa irakasgaia Sorkuntza eta Diseinua Graduko 3. mailako derrigorrezko irakasgaia da eta aitatutako hiru irakasleen artean emoten dabe (euskeraz eta gaztelaniaz). Hasieratik, irakasleek Challenge based learning legez jaso eben ikasleek kongresurako kartela diseinetako aukerea, proiektu erreal bat gauzatzea motibatzailea zala konturatu ziran eta proiektuaren gidaritza pedagogikoaz arduratu dira.

Aurkeztutako kartel kopurua eta lanen kalidadea ikusita, Kongresuko egunetan lanok erakusketa batean ikusgai jartea erabagi eta holaxe egin dogu. Tartean, Kongresuko kartel iragarlearen egilea izan dan Amets Leriaren kartela egongo da ikusgai. Txosten honen hasierako kartela da, hain zuzen, Gernika(k): trauma historiko baten errepresentazinoak, transmedialidadeak eta birsemantizazinoak nazinoarteko kongresuko kartel iragarlea.

3. Artearen memoria hezkuntzan (2024/06/03 - 2024/06/21), kongresuan ikusgai izango dan beste erakusketetako bat, Gernika-Lumoko Kultur etxeko Elai Alai aretoan.

MHLI ikerketa taldeko Hezkuntza azpitaldeak jorratutako Memoriaren Artea eta Artearen Memoria hezkuntzan proiektua dago erakusketearen oinarrian. Helburu nagusia proposamen didaktiko landu eta eraginkor bat sortzea izan da, literatura eta beste arteak oinarri zein bidetzat hartuta, Euskal Herrian XX. eta XXI. mendeetan zehar eragin sakona izan daben gizarte gatazkak ume eta gazteei hurreratu eta horreen inguruan jarrera kritikoa erabiliz sormenez hausnartzeko.

Komisarioak: Nagore Fernandez eta Ane Arrastoa.

Kontuak kontu, Gernika(k)/Guernica(s). Trauma historikoaren birsemantizazinoak Nazinoarteko Kongresuko programearen barruan, bagilaren 14an, 12:00-13:30 bitartean, Elai Alaiko Gernika(k), hezkuntzan: (euskeraz eta gaztelaniaz) mahaian, hitzaldia eskainiko dabe Ane Arrastoak eta Nagore Fernandezek: Gernika(k) testuliburuetan: artelanaren erabilereak eta esangurak hezkuntzan.

Egun berean, gainera, erakusketearen bisita komentatua egingo dabe Artearen memoria hezkuntzan proiektuko kideek. Aurkezleak: Izaro Arroita eta Amaia Elizalde.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu