'Liburu Egunak' ekimenaren programazinoa aurkeztu dabe
2024-04-09 08:37 KultureaArtisten artean, Karmele Jaio, Ignacio Martínez de Pisón eta Patxi Zubizarreta izango dira.
Gasteizko Udalaren Liburutegien Sareak 2024ko Liburu Egunak ekimena atondu dau, apirilaren 15etik 26ra egingo diran jardueren programazino berezia hain zuzen be.
Programazinoaren helburua da herritarren eta kulturearen arteko topaketea bultzatzea irakurketearen, liburuen eta ikuskizunaren bidez. Horrezaz gan, gune kulturalak sustatu nahi doguz, kultura eta irakurzaletasuna zabalduz eta Gasteiz apirilean letren eta literaturearen erdigune bihurtuz, adierazo dau Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak.
Programazinoa gazte eta helduei zuzenduta dago eta hainbat baldintzaren arabera diseinau da:
- Arretagune nagusia gertutasunean jartea, bertako idazleei aparteko garrantzia emonez.
- Literatura-generoak bateratzea, esaterako, komikia eta elebarria.
- Era askotako jarduerak proponidutea: alkarrizketak, liburu-sinadurak, berbaldiak, literatura-ikuskizunak eta musika eta pintura erakusketak.
- Euskerea eta gaztelania bardintzea.
Sei idazle, sei berbaldi
- Apirilak 15: Ignacio Martínez de Pisón Castilo de fuego liburua aurkezten. Ondoan izango dau Maite Esparza kazetari eta komunikatzailea.
- Apirilak 17: Karmele Jaiok Maitasun kapitala aurkeztuko dau. Aitziber Karkamo izango da berbaldiaren dinamizaitzailea.
- Apirilak 18: Javier Alcazarrek Vicente Blasco Ibáñezen El intruso lanaren irakurketa errazerako egokitzapena aurkeztuko dau. Ondoan izango dau Amalia Andrés Cortázar, APDEMAko Autogestores programaz eta irisgarritasun kognitiboko eta irakurketa errazeko jarduerez arduratzen dan psikologoa.
- Apirilak 22: Antonio Altarriba gidoilariak El cielo en la cabeza komikia aurkeztuko dau.
- Apirilak 23: Liburuaren Eguna atxaki, gogoetea egingo dabe Patxi Zubizarreta, Felipe Barandiaran, Pello Ramirez eta Mintxo Cemillán artistek, Gelditu, entzun, begiratu izenburupean.
- Apirilak 26: Jon Artano kazetariak Juana liburu eta ikus-entzunezko aurkezpena egingo dau.
Jarduera guztiak Goiuri Jauregian egingo dira arratsaldeko 19:00retan, baina 18:30etik aurrera aretoaren sarrerean liburuak saltzeko eremua egokituko da eta bertan, ekitaldiaren ondoren, liburuak sinatuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!