Gerra Zibileko tunel zaharra eta babesleku antiaereoa modu birtualean ikusteko aukerea eskainiko dabe
2023-11-23 13:33 KulturazBilboko Udalaren eta Aranzadi Zientzia Alkartearen eskutik.
Aranzadi Zientzia Alkarteak Gerra Zibilak Bilbon itxi zituan aztarna askotako azterketa zehatza egin dau. Udalak eskatuta, Zabalbide kaleko (Solokoetxe) tunel-babesleku zaharren eraikuntza dokumentau eta testuinguruan jarri dau.
Lan horren jatorria osoko bilkurearen akordioan dago. Akordio hori 2021eko bagileko ohiko bilkuran sinatu eben, EH Bilduk hasieran proponidu eta EAJ-PNVren, Euskal Sozialisten eta EH Bilduren aldatzeko zuzenketa baten bidez onartua.
Aranzadi Zientzia Alkarteari egindako enkarguak hiru alderdi aztertu ditu:
- Dokumentazino idatzia: Dokumentu-iturriak barrikustea eta ikerketa historikoa.
- Dokumentazino grafikoa eta galerien hiru dimensinoko erregistroa egitea, 3D ostera birtual bat sortzeko, 360º-ko kalidade handiko argazkiakaz, ikusleek multzo osoa modu birtualean eta intuitiboan egin deien.
- Galerietan topautako elementuak eta objektuak identifiketea eta dokumentetea.
Lan hori amaituta dago eta 9.948,89 euroko aurrekontua izan dau (BEZ barruan).
Idatzitako dokumentazinoa
Aranzadik ikerketa historikoa egiteko iturri ugari konsultau ditu: Iturri bibliografikoak eta hemerotekea, artxiboak eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora). Guztira, 50 dokumentu historiko baino gehiago konsultau eta 1936ko irailetik 1937ko bagilera bitartean euskal prensan argitarautakoak aztertu ditue.
Informazino horretatik ondorioztatzen danez, gerrea 1936ko garagarrilan hasi ebenetik, tropa frankistek 54 aldiz bonbardeau eben Bilbo; lehenengoa irailaren 25ean izan zan, Emilio Mola jeneralak Bizkaiko herritarrei errendiduteko deia egin ondoren, hildakoen eta zaurituen zehaztubako kopurua ereginez.
Lehenengo bonbardaketen ondorioz, Eusko Jaurlaritzea biztanleria zibila babesteko estruktura batzuk eregiten hasi zan, obra humanitario gisa kalifikauta eta premina larriko eraikuntzea zala adierazoz.
Kalkuluen arabera, aireko erasoen kontrako 269 aterpe egin ziran urtebetean Bilbon eta beste uri batzuetan ez bezela, Bartzelonan (lur azpian eregi ziran, era masiboan), babeslekuak egiteko lehendik egozan eraikinak barrerabili ziran, batez be sotoak eta tren-galeriak, kasuen ia % 90ean.
El Liberal egunkariak, 1937ko zezeilaren 6an, une haretan uriak aireko erasoetatik babesteko aterpeen zerrendea argitaratu eban, baita babesleku bila joan nahi ebenentzat segurtasuna bermatzeko gomendio eta jarraibide batzuk be. Zerrenda horretan adierazo eben Zabalbide kaleko 7. eta 9. zenbakiek baebela horretarako erabilten zan galeria bat, 200 personarentzako edukieraz.
Dokumentazino grafikoa eta birsorkuntza birtuala
Aranzadiko taldeak, arkeologoek, etnografoek, topografoek eta memoria historikoan adituek osotua, galeriaren hiru dimensinoko erregistroa egin dau Laserscanner 3D sistemearen bidez. Horri esker, 3D ibilbide birtual bat sortu ahal izan da, 360º-ko kalidade handiko murgilketa-argazkiakaz. Ikusi birsotze birtuala hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!