María Ptqk komisario bilbotar barriaren eretxiz, Etena! egiteko espazioa izango da GetxoPhoto
2023-05-03 13:38 KultureaGetxophoto Irudi Jaialdiaren 17. edizinoa bagilaren 1etik 25era izango da.
María Ptqk komisario bilbotar barriaren esanetan: Jaialdiaren 17. edizinoa 'geldi, stop, Etena!' esateko espazioa izango da. Korrika doan mundu honen inguruan hausnartzeko eta emonkorrak ez izateko eskubidea aldarrikatzeko. Erritmoa moteltzeko, ezin dot esateko, ez dot nahi esateko. Zer esan nahi dau ezer ez egiteak? Zer denpora irabazten dogu denporea galtzen dogula emoten dauenean? Zein da irudien eginkizuna kasu honetan? Gelditzea bihurrikeria ekintza bihurtu da eta horregaitik konbidatu nahi zaitugu hainbeste behar dogun Etena! egin daizuen.
Holan, hainbat jatorritako 22 artistek (Suitza, Japonia, Maroko, Ekuador, Mexiko, Argentina, Erresuma Batua, Brasil edo Grezia) euren obrak erakutsiko ditue beste hainbeste erakusketa edo instalazinoetan (gehienak aire zabalean) uriko ardatz nagusitan: Algortako erdigunea, Ereaga hondartzako pasealekua eta Romo Kultur Etxean. Algortako merkatua Jaialdiko zentro nagusietako bat izango da, informazino gunea eta hainbat erakusketa hartuko baititu. Punta Begoñako galeriak jaialdiko beste puntu garrantzitsu bat izango dira, izan be, erakusketa nagusi bi hartzeaz gan, bertan hainbat jarduera egingo dira. Edizinoko beste barrikuntza bat izango da Stephen Gill artista britainiarraren instalazinoa Ereagako igogailuan. Igogailuaren barrutik ikusteko sortutakoa da, igon eta bajau zoazela. Ganera, Carles Murillo Jaialdiko diseinatzaile grafikoak goiburuak dituen 33 kartelez osotutako instalazinoa sortu du. Kartel horreen helburua etetea aldarrikatzea da.
Programazinoari jagonkonez, Jaialdian omenaldia egingo jako Algortako Gwendolyne diskoteka mitikoari; bertara joaten ziranek Gwendo izenez ezagutzen eben. Edegita jarraituko baleu, mende erdia beteko leuke aurten, 2023an, zuzeneko musikearen erreferentziazko areto honetan kontzertuak, jantza saioak, lehiaketak eta ikuskizunak egiten ziran eta, beraz, Getxophotok erakusketa bat egingo dau Algortako Kasinoan, bertako bezero zaharrek lagatako artxiboko materialez eta irudiz osotuta. Gainera, irudi horreetako zortzigaz, edalontzi azpikoen bilduma bat egingo da eta inguruko tabernak arduratuko dira horreek banatzeaz.
Alkarrizketa programeari jagokonez, berbaldien jardunaldi klasikoan izango dira, besteak beste, Elisa Medde (FOAM aldizkariaren argitaldaria, Amsterdam), Marta Gili (École Nationale Supérieure de la Photographieko zuzendaria, Arles), Luis Juárez (Balam aldizkariaren argitaldaria eta Migra azokako zuzendaria, Buenos Aires), Marco de Mutiis (Fotomuseum Winterthurreko komisario digitala, Suitza) edo Alba Lafarga (kultura kudeatzailea eta bideo-saiakeragilea, ohiko laguntzailea CCCB zentroan, Bartzelonan).
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!