2022ko Aste Nagusiko txupinerea eta pregoilaria aurkeztu ditue
2022-08-04 13:17 KultureaJai alai, errespetuzko eta eleganteak eskatu ditue Iratxe Palaciosek eta Itziar Lazkanok.
Bilboko udaletxean eta euren karguei jagokezen jantzi bereziak soinean, agerraldia egin dabe 2022ko Bilboko Aste Nagusiko txupinera Iratxe Palaciosek eta pregoilari Itziar Lazkanok. Jai Batzorde Mistoaren izenean, ekitaldian izan dira Udaleko zinegotzi Itziar Urtasun eta Bilboko Konparsetako Garazi Askasibar.
Aste bi pasautxu baino ez dira falta aurtengo Aste Nagusia hasteko eta, hortaz, txupinereak eta pregoilariak azaldu dabe bederatzi eguneko eten bako jaiak preparetan hasita dagozala. Urteko asterik berezienean bilbotarren ordezkari izatea ohorea eta harro egoteko motiboa dala dinoe. Era berean, jai alai, errespetuzko eta eleganteak eskatu ditue.
Bien izenak bagilean ezagutarazo ziran arren, gaur egin da aurkezpen publikoa eta Lazkanok eta Palaciosek aurreneko aldiz jantzi ditue jagokezen jantziak: pregoilariak, jaka horia eta adar biko txano baltza; txupinereak, jaka eta txapel gorriak.
Ekitaldia aprobetxau dabe Bilboko Konparsek besarkada bana bialtzeko Itsasne Nuñezi eta Bea Severri, 2019ko txupinera eta pregoilariari: Hiru urte pasau dira, inoiz ardura horreetan denpora gehien egin dabenak dira, pandemiak eta jaiak egiteko ezintasunak halabeharrez luzatu dauelako agintaldia.
Konparsetako Garazi Askasibarrek azpimarratu dauenez, itzulera handi honetan atsegin handiz aurkeztu nahi dogu geure txupinerea, Bilboko Konparson ordezkari dan Iratxe Palacios Gana, Tintigorri konparsakoa. Txurdinagako bizilaguna da Palacios, administraria ogibidez, eta Itziar Lazkano pregoilariagaz batera Aste Nagusia ederto ordezkatuko dauelakoan dagoz Jai Batzordekoak.
Itziar Lazkano Setien, ostera, aktore ezaguna da, antzerkian, zineman eta telebistan sarri egin dau behar. Pregoilari aukeratu dogu bere ibilbideagaitik eta kulturea eta arte eszenikoak zabaltzeko egin dauen ekarpenagaitik, Bilbon eta Bilbotik, azaldu dau Itziar Urtasun zinegotziak.
Biak dira emakumeak eta langileak, biak dira bilbotarron ordezkariak eta biek dabe asko esateko, adierazo dau Askasibarrek. Urtasunek ganeratu dauenez, Aste Nagusia gauez eta egunez inoiz ez bezela biziko eta gozauko daben emakume bi dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!