Euskal artistentzako beka birtualak New Yorkeko Guggenheimen

Bizkaie! 2022-05-17 10:57   Kulturea

Bagilaren 13ra arte dago eskabidea egiteko astia.

New Yorkeko Guggenheim Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoen arteko lankidetzearen emoitza aitagarrienetako bat da euskal artistentzako beken programea. Aurtengo udagoienean zortzigarren edizinoa izango da, eta dagoeneko zabalik dago izena emoteko epea. Berezitasun nagusia da beka birtualak dirala oraingoan, hau da, aukeratutako sortzaileak ez dira Ameriketara joango eta bertotik hartuko dabe parte programan.

Pandemiaren eraginez erabagi dabe Bilboko eta New Yorkeko museoetako arduradunek hiru hileko saiook online egitea. Aurreko edizino bietan be holan egin dabe, eta emoitzak onak izan ei dira. 

Kontuak kontu, bagilaren 13ra arte zabalik dago izena emoteko epea. Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diran artistek eskatu leikie bekea, ikasketak amaitu barri baditue, graduaren azken urtean badagoz edo graduondoko ikasketak egiten badabiz. Ingelesez ondo jakitea be beharrezkoa da. Lau bekadun aukeratuko ditue eta bakotxari 1.750 euro emongo deutsez.

Argibide gehiago hemen.

Hiru hileko praktikaldian, urritik abendura, artearen alor ugari jorratu ahal izango ditue aukeratutakoek: erakusketen diseinua, hezkuntzea, komunikazinoa, esperientzia digitala, marketina, konserbazinoa, argitalpenak eta argazkigintzea, besteak beste. New Yorkeko Guggenheim Museoko profesionalen laguntzinoa izango dabe, eta hango giro kulturala ezagutuko dabe.

Horrezaz gan, bakotxak proiektu bat pentsau eta aurrera eroan beharko dau. Museum Culture Seminars izeneko online mintegian be hartuko parte dabe lau bekadunek. Lanaldi erdiko jarduna izango da, gitxi gorabehera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu