Bilboko Euskal Museoa aldi baterako itxiko dabe

Bizkaie! 2021-10-08 11:02   Kulturea

Goitik behera barriztauko ditue eraikina eta erakusketak.

Euskal Museoaren klaustroa, Mikeldia erdi-erdian dala. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Euskal Museoa guztiz barritzeko proiektua laster hasiko da martxan, eta obrak eurak oraindino hasiko ez diran arren, eraikina publikoari itxi beharra dago. Izan be, konplexutasun handiko pieza artistiko batzuk atera behar ditue museotik, beste zeregin batzuen artean. Hortaz, urriaren 11tik, aldi baterako zarratuko dabe.

Bolumen handikoak diralako edo erraz apurtu leitekezalako, kontu handiz atera behar dira Euskal Museoaren bidumako pieza batzuk, esate baterako, Kurutziagako kurutzearen erreprodukzinoa. Klaustroan ikusgai dagozan harrizko armarriak lekuz aldatzea be ez da erraza izango. Era berean, zimentatze-katak eta klaustroko eskaileren katak egiten hasiko dira. 

Kanpoko gordailuetara eroango ditue museoko piezak. Bilduma iraunkorreko 50.000 objektu inguru lehendik dagoz beste gordailu baten, orain dala hile batzuk egin ebelako lekualdatzea, baina orain arte ez da publikoari instalazino guztiak ixteko beharrik egon. 

Behin areto guztiak hutsituta eta beharrezko neurketa guztiak eginda, Euskal Museoaren proiektu museografiko eta arkitektonikoa modu integralean barritzeko obrak hasiko dira. Museo barrituak erakusketetarako 6.400 metro koadroko azalerea izango dau, gaur egun baino % 38 gehiago. Antonio Vaíllo eta Juan Luis Irigaray arkitektuen estudioa arduratuko da proiektuaz, erakunde publikoek antolatutako lehiaketa publikoa irabazi ebalako. 

Eraikina itxita dagoan bitartean, Euskal Museoaren agendeari bizirik eusteko ahalegina egingo dabe, eta horretarako aukerak aztertzen dabiz. Esate baterako, kanpoko gordailura bisita gidatuak atontzeko aukerea aitatu dabe, baita proiektuaren inguruko berbaldien zikloa be.

Arte Ederrak eta Guggenheim zabalik

Euskal Museoa tarte batez zarratuta egongo dan bitartean, Bilboko Arte Eder Museoa eta Guggenheim Museoa ohi baino egun gehiagoan zabalduko ditue datorren astean, urriaren 12a jai dala eta. Arte Eder Museoa itxita egoten da martitzenetan, baina hilaren 12an salbuespena egingo dabe, egun librea daben bisitariak erakarriko dituelakoan. Goizeko 10:00etatik iluntzeko 20:00etara egongo da zabalik.

Guggenheimek, ostera, astelehenean hartzen dau deskantsua. Jente askok zubia egingo dauenez, datorren asteko astelehenean, urriaren 11n, edegita egongo da, ohiko ordutegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu