XV. GetxoPhoto, irailaren 2tik 26ra egingo da
2021-07-13 13:24 KultureaAlkarbanatu lemapean egingo da aurten.
Aurten be, herriko kaleetan artista ospetsuen erretratuak izango dira Jaialdian. Helburu nagusiak dira herritarroi eragiten deuskuezan gaurkotasuneko eta interes orokorreko gaiei heltzea eta uri-espazioak kulturearen arloko erabileretarako berreskuratzea eta formato, euskarri eta erakusketa espazio ez-konbentzionalak programazino zorrotzaren alde egitea.
Azken urteotan, 250 artista entzutetsu baino gehiagok esku hartu dau Jaialdian, besteak beste, Martin Parr, Nadav Kander, Naomi Harris, Phil Toledano, Marcos López, Ricardo Cases, Wang Qinsong, Alessandra Sanguinetti, Roger Ballen, Cristina de Middel, Vincent Fournier, Boushra Almutawakei, Pieter Hugo, Jacques-Henri Lartigue, Paul Fusco, Zanele Muholi, Simon Norfolk, Erik Kessels edo Juno Calypso.
Aurtengo edizioko egitaraua hiru arlo nagusitan egongo da egituratuta: erakusketak, online egitaraua eta egitarau parte-hartzailea. Jaialdia espazio publikoaren alde dago eta beste edizinoetan legez, erakusketa gehienak aire zabalean egongo dira, hogei bat erakusketa, hain zuzen be.
Aurtengo erretratugileen artean, besteak beste, Hoda Afshar, River Claure, Marina Caneve eta Begoña Salazar dagoz.
GetxoPhotok jaialdi hibridoago bat izatearen helburua dauka, argazkigintzaz gan bideoa, instalazinoa, zinemea, errealidade birtuala eta arte digitala lako proposamenek lekua izan deien.
Jaialdia bertoko artisten eta mundu osoko artisten arteko alkargunerako plataforma bat da, euren esperientzia eta ezagutzak konpartidu deiezan. Egitarauaren parte dira nazinoarteko open call-a, hezkuntza egitarauko laborategiak, kulturearen ekosistemea sendotzen laguntzen daben eragile kulturalen eta erakundeen arteko kolaborazinoak, topaketak irudien eta lanbidearen inguruko hausnarketarako edo parte-hartze egitarauaren barruko askotariko ekintzak. Azkenik, ingurumenean dogun eragina murrizteko asmoari eutsiz, jasangarritasun plana jorratu dabe bigarren urtez jarraian. Plan honegaz Eusko Jaurlaritzearen Erronka Garbia erakundearen Ekitaldi Jasangarria aintzatespena lortu dabe.
Begihandi taldeak bultzatuta, GetxoPhoto hunkitzen gaituen gaiei aurre egiteko bide bezela ulertu izan dau beti irudia, erretratua. Jaialdia pentsaera kritikoa pizteko eta gizarteagaz alkarrizketa bat abiatzeko plataformea da.
The Photographers’ Galleryko (Londres) komisario digitala dan Jon Uriarte hondarribitarra, zuzendari artistikoa izango da aurten be. Alkarbanatu lemapean, Jaialdiak informazinoaren irisgarritasunak, migrazino-joan-etorriek eta desbardintasun ekonomikoek menperatutako mundu batean partekatzearen ideak izan ditzakeen esanahi berriak aztertuko ditu.
Jaialdia edizino gardena eta parte-hartzailea izango da, espazio publiko fisiko eta digitalean esku hartze eta erakusketakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!