Gerra Zibileko argazkien bildumea San Telmo Museoan
2021-02-17 10:07 KultureaSigfrido Koch Bengoetxearenak dira, batzuk sekula erakutsi bakoak.
Sigfrido Koch Bengoetxea eta Sigfrido Koch Arrutiren familiak argazkilari bion artxiboa emon eutsan Donostiako San Telmo Museoari 2019an. Dohaintzea eskertu eta bildumearen eduki baliotsua gizarteratzeko, Koch Bengoetxeak Gerra Zibilaren sasoian egindako argazkien erakusketea atondu dau museoak, Kearen eta lanbroaren artean izenburupean.
Orain arte publikoari erakutsi bako 96 argazki dagoz erakusketearen lehenengo partean. Espainiako Gerra Zibilean egindakoak dira danak, eta gatazkearen lekukotasun bikaina emoten dabe. Bigarren partean, País Vasco. Guipúzcoa albumeko 55 argazki ipini ditue ikusgai.
Gerra Zibileko argazkietan, Francoren aldekoen erasoek Euskal Herrian eragindako kaltea modu gordinean agiri da, Koch Bengoetxearen begiradatik. Esate baterako, Italiako eta Alemaniako hegazkinen bonbardaketen ostean Zornotza, Durango, Gernika eta Galdakao zelan geratu ziran ikusten da. País Vasco. Guipúzcoa bildumako argazkiak guztiz bestelakoak dira, bukolikoak eta nostalgikoak, San Telmoko arduradunen esanetan.
Maiatzaren 23ra arte egongo da zabalik Kearen eta lanbroaren artean erakusketea. Komisarioak Juantxo Egaña eta Lee Fontanella dira.
Sigfrido Koch Bengoetxea (Donostia, 1908-1973) argazkilaritzan zeresana emon dauen familia bateko kidea izan zan. Haren aita, lau anaia-arrebak eta semea be argazkilariak izan ziran. Espainiako Gerra Zibilagaitik, Alemaniara alde egin eban, baina han be II. Mundu Gerran soldadu joatea tokau jakon, eta, ondoren, Estadu Batuek preso hartu eben. Donostiara bueltan, erakusketa eta argazki-liburu ugari egin zituan.
Sigfrido Koch Arruti semeak (Donostia, 1936-1992) hartu eutsan lekukoa argazkigintzan. Honen artxiboa be San Telmoren esku dagoanez, museoko arduradunek aurreratu dabe beste erakusketa bat antolatuko dabela Koch Bengoetxearena amaitzen danean. Bilduma zabal-zabala da Koch Arrutirena, 5.000 diapositiba, negatiboak, fotolitoak eta abar daukaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!