Hilketa misteriotsuak, Alberto Ladron Aranaren nobela barrian

Bizkaie! 2021-02-10 08:47   Kulturea

Leire Asiain inspektorea barriro agertzen da Mendekuaren hazia liburuan.

Alberto Ladron Arana, liburuaren aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Andoni Isok andregaia hil eban orain dala urte batzuk, haren kontrako frogarik topau ez dan arren; orain, beste neska bat be hil dau, baina, gorpurik ez danez agertu, ezin hilketea izan dala baieztau. Hiltzailea nor dan hasikeratik erakutsi dau Alberto Ladron Aranak Mendekuaren hazia nobelan (Elkar). Horrek ez ditu gauzak errazten, istorioak aurrera egin ahala gauzak gero eta gehiago nahastauko diralako. Ikerketa polizialak eta mendeku gosea eten barik agertzen dira idazle nafarraren lan barrian. 

Leire Asiain detektibea, Ladron Aranaren nobela ugaritako protagonistea, Mendekuaren hazia-n be topauko dau irakurleak. Dozena bat elebarri idatzita ditu, eta Leire Asiainen bosgarrena dau hau (2014ko Harrian mezua izan zan lehena). Foruzaingoko agentea da nobelearen hasikerako partean, baina, aurreko nobelan jakin zanez, polizia itxiko dau gero. Hortaz, Mendekuaren hazia-n argituko da zein dan Asiainen lanbide barria. 

Hiru sasoitan banatuta dago nobelea, 2014an, 2017an eta 2020an. Istorioaren ardatza diran hilketa misteriotsu bien oinarrian, benetan jazotako beste hilketa bi aztertu ditu Ladron Aranak. Bata, Estadu Batuetan izan zan, eta, bestea, Galizian. Azken hori argitu barik dago. 

Andoni Iso eta Leire Asiainegaz batera, indar handiko beste pertsonaia bat be aurkezten deusku Ladron Aranak nobela barrian, Patxi Vazquez ikerlaria hain zuzen, Leire Asianien lankide barria. Izakeraz eta jarreraz, alkarren kontrapuntua dira Asiain eta Vazquez. 

Aurreko nobelen haritik, beraz, hilketa misteriotsuak eta ikerketa burutsuak dakarz Alberto Ladron de Aranak Mendekuaren hazia-n be. Era horretako nobelek azkenaldiko euskerazko idazlerik irakurrienetako bat bihurtu dabe nafarra. Hurrengo proiektuan, baina, beste bide bat hartuko dau, umeak protagonista dituan istorio bat idatzi nahi dauelako, gerraostean kokatua. Halandabe, aurrerago Leire Asiainen abentura gehiago idazteko asmoa dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu