Gure artean bizi diran migranteei emon deutse ahotsa Artedramak

Bizkaie! 2021-02-08 08:03   Kulturea

Hilaren 12an estreinauko dabe Atzerrian lurra garratz antzezlana.

Proiektu sendoa aurkeztu dau Artedrama Arte Eszenikoen Plataformeak, urte biko lan luze eta izkutuari esker. Amancay Gaztañaga zuzendari dala, barikuan, zezeilaren 12an, estreinauko dabe Atzerrian lurra garratz obrea, Oñatin. Euskal herritarren eta bertora datozan miganteen arteko hartu-emonetan sakontzen dauen antzezlana da, baina kanpotik etorritakoei ahotsa emonda, hareen ikuspegia gizarteratzeko asmoz.

Horregaitik, aktore nagusia Laura Penagos kolonbiarra da, antzezlanean Aurora Mora protagonistearen zereginean. Orain dala urte batzuk etorri zan Euskal Herrira, eta euskeraz berbetan agertuko da oholtzan. Bere jaioterritik urrun bizimodu barria hastea eta bertoko jentearen artean egokitzea, baina, ez da bape erraza izan Penagosentzat, nekeak eta oztopoak gainditu behar izan ditu egunero.

Izan be, erronka gogorra da norbere herritik urrun migrante izatea. Antzezlaneko protagonisteak ondo baino hobeto daki zenbat kostau jakon harrizko herri honetan zuztartzea, Artedramakoek aurreratu dabenez. Bere ama-lur Kolonbiari buruzko azalpena aurkeztuko deusku munduaren beste aldean, orain dala 500 urte hara joan ziranei Kolonbia zer zan, zer dan eta zer izan nahi dauen azalduko deutse amama Nayelik erakutsitako berbakaz.

Laura Penagosegaz batera, Ander Lipus da Atzerrian lurra garratz obrako beste aktorea. Amancay Gaztañaga da zuzendaria, eta Miren Amurizak testua idazten lagundu dau. Estreinaldia Luhuson egitekoak ziran, baina Covid-19aren pandemiak aurreikuspenak aldatzera behartu ditu. Hortaz, Oñatin egingo dabe lehenengo saioa, barikuan. 

Ondoren, ibilbide luzea egingo dau Atzerrian lurra garratz-ek: Andoainen (hilaren 19an), Markina-Xemeinen (20an) eta Errenterian (21ean) geldialdiak egingo ditu, 26tik 28ra Donostiako Gasteszena aretoan erakutsi aurretik. Bilboko Arriaga Antzokira martiaren 2an eta 3an helduko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu