William Kentridge artistearen bideo-instalazinoa ikusteko azken astegoiena

Bizkaie! 2021-02-05 12:08   Kulturea

Zezeilaren 7an,  16:00etatik eta 19:00etara joaten diranek % 50eko deskontua izango dabe.

Bilboko Guggenheim Museoan dagoan William Kentridge: 7 atal erakusketea zezeilaren 7an, domekan, zarratuko da eta hurrengo erakusketarako muntaketa-lanak hasiko dira jarraian. Zezeilaren 19an zabalduko da areto horretan Alex Reynolds: bada lege bat, esku bat, kanta bat erakusketa barria.

William Kentridge erreferentziazko artistea da bideo-instalazinoaren historian. Haren lanetan, bideo-instalazinoak koreografia eta marrazketea, keinua, ezabatua eta lerroa buztartzen ditu. Zuri-baltza nagusi danez, haren obrak arte grafikoetako lan-teknikakaz (ikatz-ziria, grafitoa, tintea...) lotzen dau filmaren testura tradizionala. Bederatzi pantailako instalazino honetan, Kentridgek George Méliès zinemearen aitaren talentuari heltzen deutso eta, aldi berean, autorretratu oniriko bat egiten dau, marrazkilarien estudioa agertoki kosmiko legez erabiliz eta bere gorputza eta eguneroko jarduna erakutsiz.

Erakusketeak 7 atal Georges Mélièsentzat filmazino-multzotik hartzen dau izena eta harez gan beste lan osogarri bi be hartzen ditu, 2003an eginak: Gau amerikarra (argazki-negatiboan zuriak eta baltzak trukatzeko lanari lotuta) eta Ilargirako bidaia (Mélièsek 1902an egindako maisulan homonimoari egindako omenaldia. Azken pieza horrek jarten deutso soinua modu dramatikoan espazio osoari Phillip Millerren jatorrizko musikeari esker.

Komisarioa: Manuel Cirauqui

Domekan zarratuko dan erakusketea ikusten joateko azken egunean 16:00etatik eta 19:00etara joaten diranek % 50eko deskontua izango dabe sarrerearen prezioan eta aukerea izango dabe ikusgai dagozan gainontzeko erakusketak ezagutzeko, berbarako, Kandinsky, Bilbo eta pinturea eta Olafur Eliasson-en obrearen inguruan antolatutako atzera begirakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu