Azkuna Zentroak BIdeOtik atondu dau
2021-02-05 09:08 KultureaIkus-entzunezko bestelako narratiben gaineko programea zezeilaren 9an hasiko da.
Zezeilaren 9an hasiko da programea, film luzeak eta film labur dokumentalak batuz. Edizio honetan nobedade garrantzitsua da ikus-entzunezko sorkuntza artistikoa, kulturala eta sortzailea ikusarazoteko helburuari eusteko programea zabaldu egiten dala eta saio presentzialak izateaz gan, saioen parte bat Filmin online plataforman ikusi ahal izango dala.
Martitzenero BideOtik saioetan aurkezten diran pieza batzuk kanal on line honetara igoko dira eta hurrengo domekara arte egongo dira ikusgai. 2021eko programea osotzen daben zintak Festhome plataformearen bidez edegitako deialdian aurkeztutako 250 zintetatik aukeratu dira, gaur egungo ikus-entzunezko praktikatik landutako proiektu dokumentalak dira, esperientzia personalak, biografiak, ibilbideak zein bizitzako historiakaz lotutako gaiak lantzen dituenak, feminismotik, aniztasunetik eta sozialetik hur dagozan narrazino barriak kontuan hartuta eta interes artistiko, esperimental eta barritzaileagaitik nabarmentzen diranak.
BIdeOtik programeak balio bereizgarriari eusten deutso, ikus-entzunezko sorkuntzearen inguruko trukerako eta alkarrizketarako topagune eta kultura eta gizarte-hausnarketarako eta eraldaketarako gune legez.
Proiekzino guztiak jatorrizko bersinoan eskainiko dira, gaztelaniazko azpitituluakaz.
Sarrerak salgai dagoz Golem Alondiga zinemetako leihatiletan eta golem.es helbidean, 4€ / 3€ euroan, Az txartelagaz. Zinta guztiak Filminen ikusi ahal izango dira, A Month of single frames, Jo Ta Ke eta Meseta izan ezik.
Egitarauari jagokonez, zezeilaren 9an, 19:00etan, hiru film ikusi ahal izango dira:
- Aquí y allá (2019), Melisa Liebenthalena Argentina - Frantzia / Saiakera. 22’. Etxean egoteak zer dakarren jorratzen dauen saiakerea da. Errealizadoreak erretratuak, mapak eta Google Earth erabilten ditu, erreala eta birtuala buztartzeko.
- Yo fui Anderssen (2019) Raúl Riebenbauer-ena, España / Film labur dokumentala, 14’. Xakea ardatz dauen filma.
- Beyond the glacier (2019) David Rodríguez Muñizena, Espainia / Film laburra. Dokumentala. 18’. Filmak Erdialdeko Asian uragaz dagoan gatazkeari heltzen deutso, Sir Daria ibaiaren bilakaera konplexua aztertzen; ibaia Tian Shan mendikateko glaziarretan jaio ondoren, 3.000 km baino gehiago zeharkatzen ditu, galdutako Aral itsasoan amaitu arte.
- Vencejos (2020) Raúl Riebenbauer-ena, Espainia / Film laburra. Dokumentala. 2020ko martitik apirilera, ia gizateria guztia etxean sartuta geratu da Covid-19 koronabirusaren pandemiaren ondorioz. Amaiera ezezaguneko itxialdi honek erakutsi deutse askori leiho batek dauen balio kalkulauezina. Baina, danek ba al dabe bat?
Informazino gehiago erta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!