Artekartu konpainiak jasoko dau 2021eko Lautan Hiru laguntzinoa

Bizkaie! 2021-02-03 08:33   Kulturea

Antzerki laburra bultzatzea da Euskaltzaindiaren deialdi barriaren asmoa.

Lehenengo aldiz emon dau Euskaltzaindiak Lautan Hiru laguntzinoa, Bilboko Udalagaz alkarlanean, antzerkigintzea bultzatzeko asmoz, batez be teatro laburreko sorkuntzea. 2021eko lehen edizino honetako irabazlea, Urtzi Oleagak zuzendutako Artekartu konpainia izan da, Hauts artean antzezlanagaitik. Mila euro emongo deutsez, eta obrea Lautan Hiru jaialdian ikusi ahal izango da. 

Epaimahaiak azpimarratu dauenez, lan zirikagarria da Artekartu konpainiak aurkeztu dauena, eta erritmo biziko gidoia dauka. Ganera, obrearen azken parteko ezustekoa aitatu dabe epaimahaikideek. Ezusteko hori zein dan jakiteko, Hauts artean oholtzan ikustea izango da onena, osasun egoereak horretarako modua emoten dauenean.

Izan be, Lautan Hiru antzerki jaialdiaren hirugarren edizinoa hileon egitekoak izan dira, baina pandemiaren momentu honetako egoerea kontuan hartuta, atzeratu egin behar izan dabe. Ondo bidean, udabarrian egingo dabe. 

Euskaltzaindiak berak antolatzen dau Lautan Hiru jaialdia, Café Bar Bilbao, Zazpi Katu Gaztetxea eta Bira Kulturagaz batera. Euskerazko antzerkia sustatzea eta Bilboko Zazpi Kaleetako giroari bizia emotea dira helburu nagusiak. Hortaz, antzezlan laburrak programetan ditue antolatzaileen egoitzetan, formatu txiki eta erakargarrian, prezio merkeetan.

Lautan Hiru jaialdian egiten dan lanean pausu bat gehiago egiteko asmoz, igaz egin eban Euskaltzaindiak Lautan Hiru laguntzinorako deialdia. Lehenengo edizinoko irabazlea, baina, pandemia bete-betean ezagutu dogu, eta ikusteko dago noiz estreinau ahal izango dan Hauts artean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu