Album ilustraduen Etxepare sariketako epea, zabalik
2021-01-21 12:23 KultureaMaiatzaren 7ra arte bialdu leitekez lanak.
Galtzagorri alkarteak, Pamiela argitaletxeak eta Nafarroako Foru Gobernuak lagunduta, Nafarroako 22 udal eta mankomunidadek antolatzen dabe Etxepare sariketea urtero, umeentzako euskerazko album ilustraduak sortu eta zabaltzeko asmoz. 2021eko deialdia zabalik dago, maiatzaren 7ra arte (ikusi hemen deialdiaren bideoa). Ohiko moduan, testua eta marrazkiak buztartzen dituen albumak bialdu beharko ditue hautagaiek.
Baldintzei jagokenez, gaia eta formatua libreak dira, beraz egileek martxan jarri beharko dabe sormena. Gitxienez 15 orrialde bikotxeko lanak izango dira, euskera hutsezkoak, eta testuak, guztira, ez ditu 4.000 karaktere baino gehiago izango. Posta elektronikoz edo posta arruntez (Leitzako Euskera Zerbitzura) bialdu behar dira albumak. Bakarka zein binaka (idazlea eta ilustratzailea) parte hartu leiteke, nahi beste lan aurkeztuta.
Oinarriak hemen.
Umeentzako literaturan adituak diran personak egongo dira epaimahaian. Aurkeztutako album guztiak aztertu ondoren, bagilaren 30a orduko emongo dabe euren ebatziaren barri. Irabazleari 5.000 euro emongo deutsez antolatzaileek, eta Pamielaren bidez argitaratuko dabe album ilustradua.
Etxepare saria 2004an sortu zan, hasierako edizino bietan ume, gazte eta helduen literaturearen alorrean. 2006tik, euskerazko album ilustraduak saritzen ditu, alor horretan dagoan hutsunea beteteko asmoz. Antolatzaileen arabera, euskeraz dagozan umeentzako album gehienak itzulpenak dira, eta bertoko sortzaileak bultzatu nahi ditue.
Orain arteko azken edizinoan, 2020koan, Lorerik gorriena albuma izan zan irabazlea, Itziar Otegik idatzia eta Sandra Garayoaren marrazkiduna. Oraintsu argitaratu dau Pamielak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!