Zabalik da Arte Eszenikoen XXIV. Max Sarien izen-emote epea
2021-01-21 09:31 KultureaProdukzinoa sarituko dauen kategoria barri bategaz ekin jako
Arte Eszenikoen XXIV. Max Sarien edizinoa martxan da, izan be, 2021eko martiaren 31ra estreinau, berrestreinau edo biran dagozan ikuskizunen eta alderdi artistiko zein tekniko desbardinetan aurrera eroan dituen profesionalen inskripzino epea edegita dago.
Max 2021 sarietan parte hartu nahi daben produktoreek 2021eko martiaren 1era arte emon ahal izango dabe izena. Konpainia profesionalek egindako obrak edo ikuskizunak baino ez dira kontuan hartuko.
Kaleko, umeentzako, gazteentzako edo familientzako antzerki ikuskizunei, gitxienez bost saio egin izana eta 2021eko bagilaren 30a baino lehen Espainian zein nazinoartean beste bost programauta izatea eskatuko jake. Max Sarien Batzorde Antolatzaileak ezohiko egoerak balorau eta lehiaketan sartu ahal izango ditu, betibe egoera hori justifiketako beharrezko dokumentazinoa aurkezten bada.
Edizino honetan, salbuespen lezeta Covid-19aren pandemiak sortutako egoerea dala eta, bigarren edizino batean parte hartu ahal izango dabe bigarren urtean gitxienez hamar saio egin arren (bost kaleko ikuskizunen kasuan) lehen edizinoan finalista izan ez diran birako ikuskizunek.
Kategoria barria: Produkzino lan onenari Saria
Diseinuagaitik, berezitasunagaitik, hartutako arriskuagaitik edo gauzatzeagaitik, baita emoitza artistikoaren aldeko baliabideen optimizazinoagaitik be nabarmentzen dan produkzino-lanari sari barri hau emongo jako, edozein modalidadeko ikuskizunetan (antzerkia, jantzak, kalekoa, ikuskizun musikalak edo lirikoak eta ume, gazte edo familientzakoak). Salbuespen bat dago, izan be, kategoria honetatik kanpo geratzen dira administrazino publikoetako produkzino-unidadeek osorik edo zati batean egindako ikuskizunak.
Era berean, Musika-konposizino eszeniko onenaren kategorian, antzerki, koreografia edo ikuskizunerako berariaz sortutako jatorrizko musika-lanak baino ez dira lehiatuko.
SGAE Fundazinoak antolatuta, Espainiako Arte Eszenikoen Sari ospetsuenek 24 urte bete ditue, lehiaketa bakotxeko 20 kategoriari eutsiz eta hiru sari berezi indarren jarriz: Ohorezko Max Saria, Arte Eszenikoen ekarpen, emote eta defendiduteagaitik persona baten ibilbidea nabarmenduko dauena; Ikusleen Max Saria, #VotaMax online aplikazinoaren bidez publikoaren boto gehien lortzen dituan ikuskizunari emongo jakona eta holan ezagutzera emongo dana; eta Afizionatu edo izakera sozialeko Max Saria, hau da, gizarte integrazinoaren eta proiekzino sozialaren aldeko proiektuak eta arteei ekarpen bikaina egiten deutsen konpainia zaletu edo afizionatuei emongo jakena. Proposamenak jasoteko epea 2021eko apirilaren 10era arte egongo da zabalik.
Azken urteotan, Arte Eszenikoen Max Sariak sektoreko erreferente bihurtu dira. Ekimenak gero eta jarraitzaile gehiago ditu eta Espainia osoko konpainien interesa piztu dauela esan daiteke. Azken edizinoan, irailaren 7an, Malagako Cervantes Antzokian ospatu eta 386 ikuskizun aurkeztu ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!