Bizkaiko ondarea zabaltzeko hitzarmena egin dabe Eleiz eta Arte Eder museoek

Bizkaie! 2021-01-20 13:28   Kulturea

Lankidetzan antolatuko dituen jardueren artean, Luis Paret pintorearen inguruko erakusketea dago. 

Museoetako eta erakundeetako arduradunak, Eleiz Museoan (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko ondare artistikoaren gordeleku nagusietako bik, Eleiz Museoak eta Bilboko Arte Eder Museoak, alkarregaz lankidetzan jarduteko hitzarmena sinatu dabe. Era horretara, ondare artistikoa zabaltzeko jarduerak antolatuko ditue, interes publikoko eta bost urteko egitarau baten bidez. Konserbazinoa eta ikerkuntzea, aldi baterako erakusketak eta kultur bitartekaritzea dira hitzarmenaren ardatzak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Arte Eder Museoa Fundazinoaren presidenteak, eta Joseba Segura Bilboko Eleizbarrutiko Gotzain Administratzaileak sinatu dabe akordioa, Eleiz Museoan egindako ekitaldian. Bertan izan dira, ganera, museo bietako zuzendariak, Miguel Zugaza eta Juan Manuel González Cembellín; baita Gorka Martínez BBKren zuzendaria be.

Arte historikoaren alorrean Bilbon dagozan bi museo garrantzitsuenek konpromisoa hartu dabe alkarregaz proiektu eta jarduerak egiteko, eta helburu hori beteteko beharrezkoak diran aliantzak sortzeko beste museo eta erakunde batzukaz. Eleiz Museoak, bere egoitzan dituan bildumak ez eze, proiektuaren eskura jarriko dau eleizbarrutiak Bizkai osoan dauen ondare higigarri guztia be.

Egitasmoak ikerketa sakona bultzatuko dau, Bilbo eta Bizkaiaren historiako momentu esanguratsuei buruzkoak eta lurraldearen hazkundea hobeto ulertzen lagunduko dabenak. Alde batetik, XVI. eta XVII. mendeetan Flandriagaz egindako arte-truke oparoa jorratuko dabe, Bizkaiko portuen jarduera komertzial biziaren ondoriozkoa.

Ikerketarako beste gai bat zera izango da, Bilbok eta Bizkaiak XVIII. mendean izan eben eraldaketa handia, Luis Paret artisteak ezagutu ebana. Alkarlanean aztertuko daben beste momentu historiko bat, XIX. eta XX. mendeetako arte erlijiosoaren garapena izango da, modernotasunaren eta abangoardiaren artean ibili zana.

Luis Paret protagonista

Alkarlanaren lehenengo emoitzetako bat, Luis Paret y Alcázar (Madril, 1746-1799) pintorearen omenezko erakusketea izango da. Bilbon egin eban egonaldi labur baina oparoaren bidez, azaldu egingo da ze testuingurutan sortu zan modernotasuna eta pentsamolde ilustradu barria, besteak beste, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ekimenez. Udan izango da.

Deustuko Erribera eta Atxuri lotuko dituan ibilbide artistikoa atonduko dabe. Koadroen hainbat kopia lekuan bertan ipinita, oinezkoek orain dala 200 urteko paisajeak identifikau ahal izango ditue. Horrezaz gan, museo bakotxak Pareti eta XVIII. mendeko arteari buruzko erakusketa beraren zati bi aurkeztuko ditu. 

Azkenik, aitatzekoa da, hitzarmen barriari esker abantaila gehiago izango dituela Eleiz Museoaren edo Arte Eder Museoaren lagun-txartela dabenek. Bateko lagunak bestera merkeago sartu ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu