Patxadaz irakurtekoa da Idatz & Mintz aldizkariaren 69. zenbakia
2021-01-15 09:44 KultureaEuskal idazleen testuak, literatura unibersalaren txatalak eta kontu herrikoiak dakarz.
Literaturearen alderdi guztiei begiratzen deutso Idatz & Mintz aldizkariaren zenbaki barriak, 69.ak. Orririk orri patxadaz gozetako moduko edukiak sartu ditue Labayru Fundazinokoek oraingo honetan, izen handiko idazle eta itzultzaileen eskutik. Eguraldiak eta pandemiak behartuta, etxean luzaroan egon beharreko sasoiotan, bidelagun aproposa izango da aldizkaria irakurle askorentzat.
Enrique Morentek egindako marrazkiak hartzen dau 69. zenbakiaren azala, Bizenta Mogel gogoan, euskal idazle hau aldizkariko kontakizun baten aitatzen dalako. Barruko orrialdeetan, hiru eratako testuak dagoz: gure arteko idazleen testu sortu barriak, literatura unibersaleko idazleen ekarpenak eta herri-literaturako gaiak.
Narrazinoan, Miren Agur Meaberen Je suis, ni naiz, Iratxe Ormatza Imatzen Monika eta Moha eta Inaxio Lopez de Aranaren Karakorumetik gora topauko doguz ale honetan. Olerkietan, Luigi Anselmiren Bost poema eta Galder Urzaaren Hipozentroa.
Jabier Kaltzakortak, tradizinozko ondarea berreskuratu eta aztertzeko urteotan egin dauen lan itzelaren barruan, Zeanuriko jantza-kopla sorta zahar bat topau dau, eta Idatz & Mintz aldizkariaren ale honen bidez zabaldu dau. Arratiako kopladiari gehitzeko beste harribitxi bat da.
Azkenik, literatura unibersalari eskainitako tartean, idazle ezagun-ezagunen ibilerak eta hareen testu euskeratuak ezagutzeko modua emoten dau ale honek. Esate baterako, Iñaki Sarriugartek Olga Tokarczuk idazle poloniarraren barri dakar, 2019an Nobel Saria irabazi ebala eta. Bestetik, Xabier Bovedak munduko idazleen errepasoa egiten segitzen dau; oraingoan, Flann O’Brien irlandarra aurkeztu, eta haren Anbrosio kontakizuna euskeratu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!