Martxan da 13. elkar Ilustrazino eta Ipuin Lehiaketea

Bizkaie! 2021-01-15 08:07   Kulturea

Ipuinak, ilustrazinoak eta komiki ala binetak aurkezteko apirilaren 16a bitarteko epea dago.



Irakurzaletasuna eta euskerearen erabilerea bultzatzea helburu dauen lehiaketea martxan jarri dau elkar Fundazinoak.

Aurten, Lur Gallastegik idatzitako Munduari bira pastel batean ipuina irakurri eta ilustrau beharko dabe txikienek. Koxkorragoek, barriz, Adur Larreak sortutako ilustrazinoan oinarritu beharko dabe eurek sortutako ipuina. Komiki ala binetearen atalean, ostera, Bizitza itsasontzian izango dabe ardatz gazteek, euren lanak sortzeko.

Parte hartuko daben ume eta gazteei zuzendutako sari ederrez gan, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango dira aurten be: Alde batetik, Laboral Kutxak ikasgela birentzat saria emongo dau; bestetik, Irrien Lagunen Klubak ikuskizun bategaz sarituko dau ikastetxe parte-hartzaileetako bat.

Aitatutako babesle bi horreezaz gan, aurten Elkanok munduari birea emon eutsola 500 urte beteten diranean, Elkano Fundazinoa be bidelagun izango da eta hori holan izanik, edizino honetako gaia estu lotuta dago Elkanogaz: kultur aniztasuna, itsasoa, itsasontzia...

Ipuinak, ilustrazinoak eta komiki ala binetak aurkezteko apirilaren 16a bitarteko epea dago.

Informazino edo material gehiago behar izan ezkero, lehiaketearen atarian, elkar.eus-en, lehiaketa@elkar.eus helbidera idatzita edo 943 310301 telefonora deituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu