Konpartidutea izango da 2021eko Getxophotoren gaia
2021-01-13 13:35 KultureaArtista bisual eta argazkilarientzako nazinoarteko deialdi edegia martxan dago.
Irailaren 1etik 26ra egingo dabe Getxophoto jaialdiaren 15. edizinoa. Oraindino ia bederatzi hilabete falta diran arren, antolakuntzaz arduratzen dan Begihandi alkarteko kideak lanean dabiz bete-betean, eta 2021eko edizinoan parte hartu nahi daben sortzaileek be, orain dabe aukerea euren hautagaitzea aurkezteko. Izan be, Getxophotoren nazinoarteko deialdi edegia martxan dago, argazkilari eta artista bisualei zuzendua.
Aurtengo gaia Partekatu edo Konpartidu izango da. Jon Uriarte komisarioak azaldu dauenez, gaur egungo aurrerapen teknologikoek mundu interkonektau eta interdependentea ekarri dabe, personen, komunidadeen eta potere publiko eta pribaduen arteko alkarrekintza azkarragoa eta iraunkorragoa dauen nazioarteko agertokia. Kulturak alkarregana hurreratu dira, mundua gero eta lotuago dago, baina, aldi berean, agirian geratu dira desbardintasun gero eta handiagoak, aurreretxiak eta politika erreakzionarioak.
Horrenbestez, konpartidutea gero eta funtsezkoagoa da gaur egungo gizartean, baina konpartidutearen beraren esangurea be egokituz doa, teknologia eta komunikazinoa aldatu ahala. Planeteak daukazan erronken aurrean (klima aldaketea, adibidez), erantzunkidetasuna eta bizikidetzea beharrezkoak dira; partekatzeko eskubideak, beharrak eta erantzunkizunak egundoko garrantzia hartu dabe, dino Uriartek.
Konpartiduteak dituan adiera barriei begira, euren proposamenak egiteko deia egin deutse, beraz, Getxophotok sortzaileei. Argazkigintzea izan zan Getxophotoren abiapuntua, baina azkenengo edizinootan bestelako arte bisualetara be saltoa egin, eta orain jokera barritzaileenei be atea zabaltzen deutse: argazkigintzea, bideoa, instalazinoa, performancea, ekintzak, arte digitala edo ikusizko beste edozein adierazpide jorratzen daben proposamenak, aitatu ditue antolatzaileek deialdi edegian.
Picter plataformearen bidez aurkeztu behar ditue artistek proposamenak, zezeilaren 10a baino lehen, eta epaimahaiak hiru sarituko ditu. Irailean Getxophoton erakutsiko ditue hiru irabazleak. Igazko deialdian, 42 herrialdetako 329 proiektu aurkeztu ziran.
Aurtengo edizinoko epaimahaikideak honeek izango dira: Cristina de Middel (Magnum Photos), Mariama Attah (Liverpooleko Open Eye Gallery Photography Museumeko komisarioa), Jon Uriarte (Photographers' Galleryko komisario digitala eta Getxophotoko komisarioa) eta Gwen Lee (Singapurreko Nazinoarteko Argazki Jaialdiaren zuzendaria).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!