Belén Tortosa Pujanteri emon deutse XIII. Artez Blai Ikerketa Saria
2020-12-30 08:36 KultureaZortzi herrialdetatik heldutako proposamenek hartu dabe parte aurtengo deialdian.
Arte Eszenikoen inguruan egindako azterlanak saritzeko antolatzen dau urtero Artez Blai Ikerketa Saria, Artez Blai Kultura Erakundeak. Epaimahaiaren ebatziaren arabera, aurtengo edizinoko irabazlea Belén Tortosa Pujante espainiarra izan da, Romeo Castelucci, Claudia Castelucci eta Chiara Guridiren Socìetas proiektuaren ibilbide teatralaren inguruan egindako ikerlanari esker.
1980ko hamarkadatik gaur egunera arte, Italiako hirukote horrek martxan jarri dituan adierazpen artistiko barritzaileak jorratu ditu Tortosa Pujantek bere lanean: eszena ikonoklastea, Teatro infantile, Teatro dei murati, Scuola diralakoak... Hori guztia ikuspegi pedagogiko eta kritiko batetik.
Epaimahaiak modu honetara azaldu ditu azterlan irabazlearen merituak: Socìetasen garapen artistiko eta estetikoaren ganeko ikerketa bikaina da. Gaur egungo antzerkia ezagutzeko ezinbesteko lana da, posdramatikotasunaren, performatiboaren eta postespektakularraren eremuan. Bibliografia zabalaz eta aukera ikonografiko egokiaz gan, zorroztasun intelektuala eta Socìetasen ibilbidea jorratzeko sensibilidadea nabarmendu behar dira.
Arte eszenikoen alorreko adituak egon dira XIII. edizino honetako epaimahaian: Guadalupe Soria, Manuela Vera, Fernando Gómez Grande eta Antonia Amo, azken hau 2019ko Artez Blai sariaren irabazlea. Europa eta Latinoamerikako zortzi herrialdetako hogei bat parte-hartzaile aurkeztu dira 2020an, eta epaimahaiak Belén Tortosa Pujante aho batez aukeratu dau.
Santiagoko Unibersidadean Literatura eta Kultura Ikasketetan doktorea da Belén Tortosa Pujante (Murtzia, 1990). Filologia Hispanikoan eta Arte Eszenikoetan be goi mailako formakuntzea dauka. Europa guztiko erakundeakaz alkarlanean egiten dituan ikerketei esker, hogei lan inguru ditu argitaratuak. Gaur egun, Estrasburgoko Unibersidadean dabil irakasle.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!