Joxemiel Bidadorrek historiaz eta folkloreaz idatzitako artikuluak irakurgai

Bizkaie! 2020-12-23 13:10   Kulturea

Haren heriotzearen 10. urteurrenean argitaratu dau liburua Pamielak.

Joxemiel Bidador (argazkia: Pamiela) | Ikusi handiago | Argazki originala

Idazlea, irakaslea, ikerlaria eta euskalaria izan zan Joxemiel Bidador nafarra (1970-2010). Komunikabide ugaritan kolaborazinoak egin zituan (Nafarkarian, Euskalerria Irratian...), Nafarroako kultura herrikoiaren, ohituren, jantzen eta euskerearen inguruan eukan jakintza zabala euskaldun guztien artean zabaltzeko. Erdaldun batzuen eskariz, 1999an gaztelaniaz artikuluak idazten hasi zan, Diario de Noticias-en.

Hain zuzen be, gaztelaniazko artikulu horreen bildumea dakar Pamiela argitaletxeak aurkeztu dauen liburu barriak. Nabarrikadas. Historia y folclore de Navarra izenburupean, 1999tik aurrera idatzitako hainbat testu batzen dira, herrialde haretako historia, pertsonaiak, jazoerak eta ohiturak modu dibulgatibo eta jakingarrian azaltzen dabenak. Bide batez, Bidadorren heriotzearen 10. urteurrena gogoan, hari egindako omenaldia be bada argitalpena. 

Moltso edo zati bitan banatu dabe liburuaren edukia. Lehenengoa Cincuenta viejas Historias de Navarra da, eta bigarrenenaren izenburua Treinta temas de folclore y creencias populares da. Nafarroagaz lotutako bitxikeria ugari dagoz liburuan, eta ez dira falta Bidadorren gai maiteenak, hau da, euskerea, literaturea, etnografia, jantzak, inauteriak… Danetara, 80 artikulu dira, 1999tik 2002ra artekoak.

Testuak idatzi ziranetik hogei bat urte pasau diran arren, edukiak ez dauela gaurkotasunik galdu adierazo dabe Pamielako arduradunek, gaur egungo irakurleek gustura irakurriko ditue Joxemiel Bidadorrek sasoi baten idatzitako artikuluak. Mikel Larramendik, Diario de Noticias-eko editore izandakoak idatzi dau hitzaurrea. Edizinoa David Mariezkurrena eta Idoia Sararen ardurea izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu