Johañe Etchebest izango da Euskal Kultur Erakundeko zuzendari barria
2020-12-22 13:36 KultureaKarguan 24 urte egin dituan Pantxoa Etchegoinen lekukoa hartuko dau.
Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko kulturea bultzatu eta zabaltzeaz arduratzen dan erakunde nagusiak, Euskal Kultur Erakundeak (EKE), gidari barria izango dau. Johañe Etchebest izango da aurrerantzean zuzendaria. Orain arte, Pantxoa Etchegoin egon da karguan, eta 24 urteko bide oparoa bete dau zeregin horretan. Urtarrilaren 30ean Etchegoinek erretiroa hartzen dauenean, Johañe Etchebest hasiko da.
Euskal kulturearen munduan ibilbide luzea dau Johañe Etchebest 40 urteko zuberotarrak. Euskal Ikasketak amaitu eta gero, luzaroan irakasle izan zan, 2002an lehiaketa publikoan eskola elebiduneko plazea lortu eban eta. Baina jantzazale sutsua danez, 2015ean Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko misino arduradun bihurtu zan, eta zeregin horretan ibili da orain arte.
Horrezaz gan, hainbat kultura alkartetako administratzaile izan da: Kompany Beritza, Larraineko Maskaradak, Aitzindariak... Koreografoa, jantzaria eta musikaria be bada (Kautere Balet, Konpany Beritza, Elirale...). Zuberoako pastoral eta maskaradetan jantzari eta txirulari ibili izan da.
EKEren Administrazino Kontseiluak abenduaren 3ko batzarrean izentau eban Johañe Etchebest erakundeko zuzendari, eta zezeilaren 1ean hartuko dau kargua modu ofizialean. EKEko arduradun, behargin eta kideek ondoetorria egin deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!