Gernikako Arbolearen oinordekoak dituan Bizkaiko udalerrien zerrendan sartu da Murueta

Bizkaie! 2020-12-22 08:03   Kulturea

Busturialdeko udalerriak jasoko dau denporaldi honetako oinordeko ofizial baten lehenengo landaketea.



Murueta
ko udalerri txikiak Gernikako Arbolearen oinordeko bat dauka gaurtik aurrera. Euskaldunontzat karga sinboliko handiko leinuaren oinordekoa landatzeko ekitaldia udalerriko Sagatza zelaian izan da eta bertan egon dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundekoko Lehendakaria eta Julen Karrion Lamikiz Muruetako alkatea. Gernikako Batzar Etxearen buru dan haretxaren oinordekoa dan alea, Muruetaren desanexinoa lortzeko herritarren artean egindako konsultatik 34 urte bete diran egunean emon dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek. 

Pandemiak asko baldintzatu dau denporaldi honetan oinordekoak landatzeko agendea: Urte gogorra da 2020 hau, baina laster hobetuko dala uste dogu, Gernikako Arbolearen oinordeko honek egingo dauen moduan. Hazi, loratu eta herri honetan bizi zareen guztioi gerizpea emongo deutsue, adierazo dau Otaduik baikor, herriko alkatearen, zinegotzien eta landaketearen ekitaldia ikusteko bertan batu diran herritar guztien aurrean.

Holan, Murueta, Gernikako Arbolaren oinordeko bat daben herrien mundu mailako sarean sartu da, bost kontinenteetan dagozan ia bostehun oinordeko, Batzar Nagusietako Lehendakariak adierazo dauenez, alkateari, Foruen tradizino demokratikoa, euskal herritarron lege zaharrak eta askatasunak irudikatzen dituan 3 metroko haretx gaztearen benetakotasunaren ziurtagiria emon aurretik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu