Remigio Mendiguren eta Ramiro Arrue, Bilboko Arte Eder Museoaren 2021eko programan
2020-12-21 13:55 KultureaEraikina handitzeko lanak irailean hasiko dira.
Bilboko Arte Eder Museoaren Patronatuak batzarra egin dau, 2020ak emondakoa aztertu eta 2021ak dakarrena aurreratzeko. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Miguel Zugaza museoko zuzendariak hartu dabe parte ekitaldian. Aldrebesa izan da 2020a, pandemiagaitik, baina arduradunak pozik agertu dira, museoari zabalik eusteko egindako ahaleginagaitik. Jarduera gehienak egin ahal izan ditue, eta online arloa indartu dabe.
Dana dala, pandemiak eragin negatiboa izan dau Arte Eder Museoaren egunerokoan. Bisitarien kopuruari begiratzea besterik ez dago horretaz konturatzeko: 2020an 82.000 lagun pasautxu joan dira, hau da, aurreko urtearen herena inguru (% 34). Museoaren sarrera propioen % 11 inguru galdu dira, baina gastuari eusteko neurriei esker orekatu ahal izan da, baita Museoaren Lagunei esker be (% 10 gehiago dira orain).
Datorren urteak dakarrenari ilusinoz begiratzen deutse museoko arduradunek, Covid-19ak oraindino zalantzak eragiten dituan arren. Momentu honetan martxan dagozan erakusketez gan, 2021ak proposamen barriak ekarriko ditu, artista handien obrak protagonista dirala. Remigio Mendiburu. Materia eta memoria atzera begirakoa martiaren 31n helduko da, euskal arteak XX. mendearen bigarren erdian emondako artista originalenetako baten ibilbideari eskainia.
Horrezaz gan, Antoni Muntadasen Hiri hutsa estreinauko dabe martiaren 19an, museoaren enkarguz Bilbori eskainitako ikus-entzunezko piezea. Bestetik, Gregorio Marañón doktoreak Grekoaren, Velázquezen eta Goyaren hiru margolanez osotutako moltsoa eroango dabe Bilbora. Udan, José Ramón Prieto bilbotarraren bilduma bikaina ezagutarazoko dabe, Marina Abramovic, Ángela de la Cruz, Louise Bourgeois eta Cristina Iglesias artista garaikideen lanak dituana. Obra Gonbidatua programan, Ramiro Arrue margolariari omenaldi txikia egingo deutse, haren heriotzaren 50. urteurrenean.
2021ean museoaren eraikina handitzeko obrak be hasiko dira. Patronatuaren batzarrean aurreratu dabenez, lanak irailean hasiko dira, eta 21 hilean amaitzea da asmoa. Zatika edegita egongo da museoa obrak martxan dagozan artean, eraikin zaharrari gitxiago eragingo deutse eta. Hedapenari esker, beste 5.000 metro koadro izango ditu Arte Eder Museoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!