106 proposamenetatik, Bilboko Udalak sormen eta kultura-esparruko 26 aukeratu ditu

Bizkaie! 2020-12-21 13:45   Kulturea

Danetara, 300.000 euro erabiliko dira sormen eta kultura-sektorea babesteko.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bitartez, sormen eta kultura-esparruko 26 jarduera hautatu ditu datozen hilebeteetan uriko espazio publikoak dinamizetako. Danetara, 300.000 euro erabiliko dira sormen eta kultura-sektorea babesteko.

Kontuak kontu, aurkeztutako 106 proposamenetatik, Bilboko Udalak sormen eta kultura-esparruko 26 aukeratu ditu, besteak beste, Eten Barik Joten, emakume-talde pandero-jotzaile baten ikuskizuna kalean; Piedra de Toque musika-irratsaioa zuzeneko musikeagaz, Iñaki Makazaga kazetariaren eskutik; Pirritx, Porrotx eta Marimototsen flashmobak Yogurinha Borova-gaz batera, 6 Balore, 6 kolore, Bilbo Milakolore!, garapen jasangarriko helburuei buruzkoa; The Eko Lab moda jasangarriaren ekitaldia (Bilboko diseinatzaile barrien erakusketea, instalazino eta tailerrak izango ditu); umeentzako Bilb(i)ko Ume Antzerki Jaialdia edo Bilbotik.ra proposamena, herritarrak uribilduko etorkizuneko espazioak irudikatzen animauko dituen ko-sorkuntzako tailerrak.

Bestalde, artista, performer, musikari edo sukaldariek askotariko ibilbide gidatuak egingo ditue, berbarako, Itsasadarraren proposamena, Bilbao Green ibilbideetako espazio berdeak (María Iza Andrés arkitektoarena), edo kultura-ibilbideak betiko antzarra-olgetearen formatu klasikoagaz, Bilbao, de oca a oca.

Horrezaz gan, parte-hartzaileen eta ikusleen artean eztabaidea pizteko lanak hautatu dira, esaterako: Soinuaren Bidaia Ensemble proiektua; Encuentros Vis a Vis artista eta ikertzaileen artean; edo Improvisaciones Ilustradas saioak, musikari bat eta ilustratzaile bat inprobisazinoa ardatz hartuta, gaur egun garrantzitsuak diran gaien eta gai globalen inguruko hausnarketak ikusleakaz konpartiduteko.

Era berean, instalazino-proposamenak be gehitu dira, adibidez: ¡Ilumina! Argitu! Bilboko kale hutsen argazkiak, konfinamendu-garaikoak; Kunsthal Goi-mailako Diseinu Zentroaren proposamena; Scintilliant, haizearen erritmora mobiduten diren 400 ispiluren bitartez egingo dana; Erriberako Soinuak proiektua (Erriberako Merkatuko eskailerak ikus-entzunezko parte hartzeko ikuskizun bihurtuko dira), edo Te he echado tanto de menos, Urbanbat-ena, etxebizitzeari buruz hausnartzeko.

Ondokoak dira hautaketa osotuko daben lanak: ekonomia zirkularraren sensibilizazinoa sustatzeko Biribil performancea; Gure Ahotsak, 8 eta 12 urte arteko gazteentzako zinema-tailerra; Circo para el desarrollo, Zirkozaurreko tailer parte-hartzaileak; Artea Alkarregaz, irudi eta musikaz egindako obra digital eta interaktiboa; Seis Canciones Populares, eskultureari, arkitektureari, musikeari eta herritarrei buruzko alkarrizketak eta tailerrak buztartzen dituan kontzertu bat; Laboratorio de imagen y memoria de las mujeres de Otxarkoaga esperimentazino artistikoko tailer parte-hartzailea; En La Plaza-n diziplina anitzeko eta askotariko jardueren programea auzo-alkarteen eskutik; Azoka Design, tokiko diseinua dauen merkatu bat musika eta jantza-ikuskizunakaz; Piztu koloreak, horma kolektiboak atontzeko edo Artea Nonahi, tokiko eta nazinoarteko artisten artelanak izango dituan aire zabaleko galeria bat, QR kodeak erabilita, artistakaz hartu-emonetan jarteko aukerea eskainiko dauana.

Balorazinoa

Epaimahaiak egindako balorazinoan, herritarrakaz alkarreragiteko proiektuek lortu dabe puntuazinorik altuena, bai eta honako ezaugarri honeekk bete dituenek be: proiektuen segurtasuna, kalidadea, bideragarritasuna, barrikuntza eta ikusgarritasuna, euskerearen erabilera, eskatzaileen esperientzia profesionala, uribilduko merkataritza-jarduerearen dinamizazinoa eta proiektuak gaur egungo egoereagaz eta garapen jasangarrirako helburuakaz dituan hartu-emonak.

Deialdian emon diren laguntzak 5.000, 10.000, 15.000 edo 20.000 eurokoak izan dira, aurkeztutako proiektuen arabera.

Bilbao Aurrera

Deialdi honetako 26 proiektuek bat egin dabe Bilboko Udalak sustatutako beste poltsa bitan hautatutako 33 proiektugaz (kultura-proiektuen poltsea eta ikus-entzunezko sustapenerako poltsea). Danetara, 612.785 euroko zuzkidura ekonomikoa izango dabe.

Dirulaguntzok Bilbao Aurrera Planaren barruan dagoz eta 15 miloe euroko inbersinoagaz COVID-19aren osasun-krisiak uriko persona eta enpresetan dituan ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko 50 neurri baino gehiagoko multzoa gauzatu gura da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu